Udako denboraldiaren balorazio positiboa egin du Zumaiako Udalak

Intza Trula 2023ko ira. 25a, 17:00
Zumaiako Udala.

"Zentzu guztietan udako denboraldiaren balorazioa positiboa izan" dela azaldu du Zumaiako Udalak 2023 honetan; bai turismoari, bai kulturari, bai kirolari eta baita festei dagokienez ere.

Aurtengo uda sasoia amaitzearekin batera denboraldiaren balorazioa egin du Zumaiako Udalak, eta "zentzu guztietan balorazioa positiboa izan" dela azpimarratu du. Ildo beretik, turismoaren, kulturaren, kirolaren eta festen inguruko hainbat ohar eta datu eman ditu ezagutzera.

Turismoari erreparatuz, aurtengo uda honetan eguna igarotzera etorri diren bisitarien kopurua jaitsi dela azaldu du udalak. Hala eta guztiz ere, emaitzak "positiboak" dira udalaren esanetan, eta "datozen urteei begira Turismo Planaren garapenean lanean jarraituko" duela gaineratu du, "Zumaiako balio eta ondarean oinarritutako turismo jasangarria sustatzeko eta bultzatzeko". Hondartzei dagokienez, ekainean, uztailan, abuztuan eta irailean izandako datuak jaso ditu: aurtengo denboraldian, guztira, 443 esku-hartze, bi ebakuazio, 61 erreskate, hiru galdutako pertsona eta karabela ziztada bat izan dira. 

Halaber, trafikoa nabarmen areagotzen da uda garaian herrian, eta momentu jakinetan trafiko pilaketak izan badira ere, "aurten beste urteetan baino gutxiago" gertatu direla dio udalak. Horrez aparte, duela bi urteko datuekin alderatuz, "lapurreta eta bestelakoak asko jaitsi" direla gehitu du. Gainera, Zumaiako Udalak apustua egin du aurtengo uda sasoian kultur programazio zabala eskaintzeko; adibidez, San Pedro jaiak antolatzeko eta horren aurrean "herritarren erantzuna bikaina izan" dela esan du udalak. 

Azkenik, Zumaiako Udaletik jakinarazi dute ez dutela aurtengo udan festa giroan egondako sexu-erasoen salaketen berririk izan: "Jakin badakigu festa giroan ere halako jarrerak ohikoak direla, baina uste dugu udala zein mugimendu feminista egiten ari diren prebentzio eta kontzientziazio lanak eragina dutela gure herriko festa giroan ere".