Helburuak beteta itzuli dira Gonzalez-Etxabarri ahizpak Razoko hondartzatik (A Coruña, Galizia). Irailaren 20tik 24ra jokatu zuten Europako Junior itzuliko hirugarren eta azken lehiaketa Galizian. Alde batetik, Annette Gonzalez-Etxabarrik, gainontzeko bi itzulietan lortutako puntuei esker, final laurdenetan Europako Junior titulua irabazi zuen. Bestetik, Janire Gonzalez-Etxabarrik, finalerako sailkapena eskuratu ostean, itzuliko azken txapelketa irabaztea lortu zuen Galiziako Razo hondartzan.
Horrez gainera, munduko Junior QS txapelketan parte hartzeko bi plazak poltsikoratu zituzten surflari zumaiarrek. Horrenbestez, San Diegon (Kalifornia, AEB) jokatuko den munduko txapelketan izango dira, 21 urtez azpikoen mailan.