Laiotz film laburra emango dute Aita Mari aretoan larunbat honetan, Negu Kolektiboak egindako filma. Cornelius Films da lanaren ekoizlea, eta bertako partaide izan dira, besteak beste, Ekain Albite (zuzendaria) eta Sambou Diaby (aktorea) zumaiarrak. Halaber, Sambourekin batera protagonista da filmean Mikel Ibarguren zestoarra eta bi horien arteko laguntasun istorioa da oinarri proiektuan. Negu kolektiboa, Albitek eta Ibargurenek ez ezik, Nicolau Mallofre eta Adria Roca zuzendariek ere osatzen dute.
Honakoa da filmaren sinopsia: Aritz 23 urteko mekanikari gaztea da eta tailerretik etxera bidean bere lagun Sambourekin egiten du topo. Sambouk Epiolara joan behar duela esan dio, eta Aritzi laguntzeko eskatu dio. Amaierarik ez duela dirudien bidaia batean, haurtzaroan bizi izan ziren lekuetara joango dira biak. Haien beldurrek, nahiek eta frustrazioek gero eta bidaia isilagoa bihurtuko dute. Ez dute gogoratzen non dagoen Epiola. Bidea ahaztu dute. Beren oroitzapenetan harrapatuta geratu direla dirudi.
Horrenbestez, lana ikusteko aukera egongo da ostiral honetan, 19:00etan Aita Mari aretoan, eta jarraian solasaldia egingo dute Jon Maiaren gidaritzapean.