Herritarren zerbitzurako eta kulturaren garapenerako oinarri

Intza Trula 2023ko ira. 24a, 13:15
Argazkia: Arnaitz Rubio Aprea.

Foronda jauregiak bizitza handia du, baina zumaiar askok ez dute hango egunerokoaren berri. Ez dakite udalak antolatzen dituen kultur arloko ikastaro asko eta asko han gauzatzen dituztela, ezta herriko talde eta eragile ugarik egoitza eta biltegia han dituztela ere. Herritar askorentzat toki ezezaguna da Foronda.

Iraileko Baleike aldizkariko erreportajea da honakoa.

Foronda jauregiak Forondako markesari zor dio izena, haren udako etxea izateko eraiki baitzuten XX. mendearen hasieran. 1980an, Zumaiako Udalaren eskuetara igaro zen eraikina, eta harrezkero, kultur arloko hainbat ekimenen habia izan da. Han egin dituzten ikastaro eta emanaldien zerrenda zumaiar askok uste dutena baino luzeagoa da; eta azken urteotan horietako askoren kokaleku Alondegia bihurtu den arren, Forondan oraindik gauzatzen dituzten kultur esparruko jarduerak asko eta era askotakoak dira. Horietan parte hartzen duten herritarrez aparte, ordea, jende gutxik du hango egunerokoaren berri; oro har, Foronda jauregiaz ezer gutxi dakite zumaiar gehienek.

Juan Jose Gurrutxagak eraiki zuen jauregia, XX. mendearen bigarren hamarkadan, eta Zumaia 650 liburuak jasotzen duenez, "Zumaiako etxe aristokratikoen adibiderik nabarmenena da". Nobleziaren irudia mantendu nahian, gaztelu itxura emanez eraiki zuten etxea. Hainbat urteren ondoren, 1970. urtearen bueltan, Maria eta Jose ikastetxean zeuden mojen eskuetara pasatu zen eraikina, eta denbora batez internentzako bizilekutzat erabili zuten, eskolarekin batera. 

Miriam Romatet gaur egungo Zumaiako Udaleko Kultura Saileko teknikariak azaldu duen moduan,"Musika Jaialdian ere izan du bere garrantzia jauregiak", eta harekin duen harremana aspaldikoa da: "Herria musikaz betetzen zuten horiek, Foronda hartzen zuten abuztuko aste horietan; bertan biltzen ziren musikari, antolatzaile eta irakasle guztiak". Han egiten zituzten jatorduak, han egiten zuten lo eta han egiten zituzten emanaldietarako entseguak ere, Romateten esanetan. Kontzertu txikiak ere eman ohi zituzten jauregian bertan.

Herriko kultur mugimenduaren habia

Eraikinaren potentziala eta eskaintzen zituen aukerak ikusita, 1980. urtean Zumaiako Udalak hartu zuen jauregiaren ardura, eta eraikina biziberritzeko lanak jarri zituen martxan. Egokitzapenak eginda, Kultur Etxe bihurtu zen jauregia, eta eraikinari etekina ateratzeko asmo horretan, publikoari eta herritarrei zuzendutako lehenengo zerbitzuak jarri zituzten martxan. Hori horrela, 1990. urtean liburutegia zabaldu zuten; bai haurrena, eta baita helduena ere. Halaber, urtean zeharreko ikastaroetan egindako lanen erakusketak jartzen ere hasi ziren.

Romateten esanetan, urteak aurrera joan ahala, liburutegia txiki geratzen hasi zen, eta leku gehiagoren beharra ikusi zuen udalak. Horrenbestez, antzina mojen logelak izan zirenak eraberritu zituzten, eta, horri esker,  liburutegia handitzeko aukera izan zuten. Liburutegiaz gain, hitzaldi aretoa eta zuri-beltzeko argazki tailerra, egur taila tailerra, antzerki tailerra eta beste hainbat ikastaro berri antolatzen hasi ziren. 

Oraindik ere ikastaro sorta mardula gauzatzen dute Forondan, nahiz eta herritar askok ez dute horren berri. "Herritar askok ez dakiten arren, bizitza handia du Foronda jauregiak. Kultura Sailak antolatutako ia ikastaro guztiak han egiten dira; hala nola, zeramika tailerra, pintura tailerra, haurrentzat plastika tailerra, yoga, egur taila eta abar, eta KZ Gunea ere han dago", zehaztu du Romatetek.

Haurrentzat eta gaztetxoentzat jarduerak ere bai

Esate baterako, joan den ikasturtean Forondan gauzatu zuten helduentzat yoga ikastaroa, astean bi saio eginda; han egin zuten egur taila ikastaroa ere; Ander Hormazurik han ematen ditu pintura tailerrak; eta lehenengo urtez, sormen eta arteterapia tailerretan parte hartzeko aukera ere izan zuten herritarrek. Horiez gain, kontrol mental, Thai Chi, Qi Gongo eta meditazio saioak ere egin zituzten iragan ikasturtean.

Helduentzat ikastaroak ez ezik, haurrentzat eta gaztetxoentzat ikastaroak ere hartu ditu Forondak joan den ikasturtean; eta besteren artean, oinarrizko pintura tailerra, ttutti frutti haurren plastika tailerra eta buruhandiak sortzeko tailerra han egin dituzte.

Horretaz guztiaz gain, Zumaiako elkarte gehienek ere jauregian dute egoitza, eta baita biltegia ere. Bertso eskolak, Distira Zumaiako argazki elkarteak eta Baleikek, esaterako, jarduera iraunkorrak egiten dituzte Forondan. Halaber, helbide edo biltegi bezala erabiltzen dute etxea Ostarrena zine klub elkarteak, Zumaiako Joaldun Taldeak, Astindu Zumaiako dantza taldeak eta beste hainbat taldek eta elkartek. Ezkontza zibilak egiteko gunetzat ere erabiltzen dute, eta herritar askok egiten dute han ezkontzeko hautua.

Ander Hormazuri: "Pintura eskoletara lehen baino jende gazteagoa etortzen da orain"

 

Ander Hormazuri (Zumaia, 1966) artistak 30 bat urte daramatza Forondan pintura tailerrak ematen. Helduentzako zein haurrentzako ikastaroak eskaintzen ditu, eta urteak aurrera joan ahala, ikastaro horietako parte hartzaile kopurua etenik gabe handituz joan da. Ikasturtearen amaieran artelanak Oxford aretoan jartzen dituzte ikusgai, urte osoan egindako lana herritarrekin partekatzeko.

30 urte daramatzazu Forondan pintura tailerrak eskaintzen.

Bai, erraz esaten da, baina 30 urte badira batzuk. Gaur egun helduentzat zein haurrentzat tailerrak eskaintzen ditut. Urtero etortzen dira ikasle berriak, eta lehendik dabiltzanak eta berriak, denetarikoak elkartzen gara. Normalean, hamar bat laguneko taldeekin lan egiten dut. 

Ikasle zaharrak eta berriak nahasian izaten dituzu, hortaz; baina batzuekin eta besteekin ez duzu lanketa bera egingo. Ikasle berriak nondik hasten dira?   

Lehen aldiz etortzen diren ikasleak arkatzarekin eta borragomarekin bakarrik hasten dira. Arkatzarekin zuri-beltzean marrazten pasatzen dituzte aurreneko hiru bat hilabeteak, eta ondoren, pinturak motak eta margotzeko teknikak ezagutzen hasten dira. Formak eta itzalak marrazten hasten dira, horiek nola funtzionatzen duten ikasten dute, eta horiek paperera pasatzeftxurin dituzte jarraian. Lehendik dabiltzan ikasleek oinarrizko ezagutza horiek dagoeneko badituztenez, ikasturtearen hasieratik pintatzeari ekiten diote. Margotzeko hainbat teknika irakasten dizkiet eskoletara datozenei; besteak beste, olio pinturak erabiliz, akrilikoekin eta akuarelekin.

Irudimena lantzeko eta norbere gustuko lanak egiteko leku paregabea izango dira zure eskolak...

Nik ez diet esaten zer margotu behar duten, hori norberaren eskuetan uzten dut. Hasiera batean, marrazten hasten garenean, bai, objektu jakin batzuk jartzen dizkiet eta horiek marrazteko agindu, helburua izaten delako forma ezberdinak, horien itzalak, perspektibak diferenteak lantzea. Oinarrizko ezagutzak dira horiek, zerbait marraztu behar duen edozeinek jakin beharreko gutxienekoak, gero egoki jardun daitezen. Pintura lantzen hasten garenean, ordea, margotu nahi duten zerbait aukeratzeko eskatzen diet. Batzuek beren buruaren argazkiak ekartzen dituzte; beste batzuek, berriz, gustuko duten artistaren baten lanen bat pintatzen dute. Hala ere, saiatzen naiz aurrez eginak dauden lanen kopia hutsak ez ditzaten egin, eta animatzen ditut euren zerbait ekartzera eta hori marraztera.

Denetariko lanak sortuko dituzte zure eskoletan, ezta?  

Gutako bakoitza desberdinak gara, eta bakoitzak gauza oso desberdinak ditugu eskaintzeko. Ni saiatzen naiz ahalik eta ondoen irakasten, egin nahi dutena ahalik eta txukunen atera dadin. Hasierako lanketa taldean egiten dugun arren, ondorengoa norberak bere erara egiten du, eta ni ikasle bakoitzaren beharretara egokitzen naiz; bakoitzari behar duena irakasten diot. Dena oso pertsonala da, eta bakoitzaren estiloa eta gustua lantzen eta ondoren hori pinturan proiektatzen saiatzen gara. Lan oso ezberdinak ateratzen dira, bakoitzaren gustuen eta izaeraren araberakoak.

Zein da zure eskoletara doazen herritarren batez besteko adina?

Eskolak ematen hasi nintzenetik hona batez besteko adina nabarmen jaitsi da. Lehen, gehienak helduak etortzen ziren; orain, berriz, denetariko ikasleak ditut. Garai batean, 50 bat urteren bueltako jendea etortzen zen batez ere; baina askoz jende gazteagoa etortzen da orain, eta ederra da hori taldearentzat ere. Gainera, lehen, jendea taldean edo lagunen batekin etortzen zen, baina azken urteotan ikusten ari naiz jendea bakarrik etortzera gehiago animatzen ari dela.

Pintatzen ikasteaz gain, lagun talde ederra sortuko da orduan...

Ikasturte osoa pasatzen dugu elkarrekin, eta azkenean oso lagunarte ona egiten dugu. Hasieran ezezagun talde bat garena, ikasturtea amaitzerako lagun taldea izaten gara; afariak eta guzti egiten ditugu . Pintatzen ikasteaz aparte, jendea ezagutzeko aukera polita da.

Inaxio Tolosa: "Forondan bizitza handia dago, jendeak horren berri ez duen arren"

Inaxio Tolosa (Zumaia, 1963) Foronda jauregiko lehenengo kultura teknikaria izan zen. Han eskaini ziren aurreneko ikastaroak antolatzeko ardura izan zuen, eta harrezkero, jauregia bizitzaz betetzen nola joan den ikusi ahal izan du. 

Nola gogoratzen dituzu hasiera haiek?

1985. urtean hasi nintzen Forondan kultur teknikari. Garai hartan, festak antolatzetik aparte, erakunde publikoek ez zuten kultura sustatzeko ezer askorik egiten. Foru aldundiak herrietan kultur teknikariak ezartzeari ekin zion orduan, eta horrela hasi nintzen, pixkanaka-pixkanaka ikastaro batzuk antolatzen, bai Zumaian eta bai Getarian.

Forondako lehenengo ikastaroak antolatzeko ardura zeuk izan zenuen...

Bai, eta gogo handiz jardun nuen lan horretan. Ikastaro asko antolatu nituen; besteak beste, otarregintza ikastaroa, komikigintzakoa, zeramikakoa eta txalaparta jotzen ikastekoa. Gogoan dut Jexux Artze izan zela txalapartako irakaslea, eta jendea Bilbotik ere etortzen zela saio haietara. Neuk ere hainbat ikastaro eman nituen; besteak beste, antzerki ikastaroa, malabareak egiten ikastekoa eta zankoetan ibiltzekoa.

Eulalia Alberdi eta Fermin Leiza arduratzen ziren Forondako jauregia barrutik eta kanpotik txukun mantentzeaz. Gogoan dituzu?

Noski gogoan ditudala, eta oroitzapen ikaragarri onak ditut gainera. Sekulako lana egiten zuten biek, oso langileak ziren, konfiantzazkoak. Ikusgarria zen zelaia nola zaintzen zuten, eta, oro har, etxe osoa nola mantentzen zuten. Forondako jauregia barrutik eta kanpotik ikusteko aukera izan dutenek irudikatu dezakete zenbaterainoko lana eman dezakeen horrelako eraikin bat behar bezala zaintzeak, baina inork ez Eulali Alberdik eta Fermin Leizak bezain ongi. Forondako sarrera eta gela guztiak beti txukun-txukun egotearen ardura haiena zen, eta baita eraikina inguratzen duen belardia dotore egotearena ere. 

Forondak bizitza dauka, zumaiar askok horren berri ez duten arren...

Hala da, bai; Forondan bizitza handia dago, jendeak horren berri ez duen arren. Zumaiako kultur mugimendua Forondan hasi zen, eta urteotan guztiotan ikastaro pila bat antolatu izan dira han, herritarrentzat eta herriarentzat oso aberasgarriak. Gainera, elkarte mordoak dauka egoitza han, eta hori ere zumaiar askok ez dakite. 

Zer falta da Forondako jauregian?

Beti pentsatu izan dut, eta oraindik ere berdina pentsatzen jarraitzen dut, telebista edo irrati batentzat leku aproposa dela Foronda. Herri mailako irrati edo telebista bat sortzea posible ikusten dut, ez eguneroko saioak eskainiko lituzkeena, baina bai noizbehinkako saioak egiteko. Gaur egun baliabide asko daude, eta jende asko dago horretan oso ona dena. Irrati bat egotea asko gustatuko litzaidake; hitzak garrantzia izatea ondo legoke. Goiko solairura igotzen naizen bakoitzean etortzen zait burura irrati bat martxan jartzeko leku erabat aproposa dela. 

Forondak urteotan izan duen eboluzioaren inguruan zer balorazio egiten duzu?

Eboluzio ikaragarria izan duela uste dut, eta urtetik urtera gauzak hobetzen joan direla. Garrantzia handia duen espazioa da, eta bertan egiten den lanak kultura arloan berebiziko garrantzia du Zumaian. Beti esaten dut kultura beti izan dela anaia ahaztua, ez baztertua, baina nire ustez ez da behar bezala elikatzen eta horrelako gauzekin ikusten da Zumaian badagoela kultura bultzatzeko gogoa.