Irailarekin iritsi da marea bizien garaia, eta arratsaldeko itsasgorarekin –18:22an izan da–, Urola eta Narrondo gainezka egin dute herriko hainbat puntutan. Axular ibilbidean, esaterako, urak hartu du errepidea eta trafikoaren zirkulazioa eten beharrik izan ez duten arren, tentuz ibili behar izan dute ibilgailuek. Gauza bera gertatu da Julio Beobide ibilbideko hainbat puntutan ere, eta kasu horretan, ibaiak gainezka egiteaz gain, hainbat lokaletara sartu da ura: besteak beste, Pulpo elkartera eta Marinelen San Telmo kofradiara. Ondo bidean, egoerak lasaitzera egingo du datozen minutuetan, dagoeneko pasatu baita itsasgoraren punturik altuena.
Urak eragin dituen arazoei garrantzirik kendu gabe, irudi ikusgarriak utzi ditu itsasgorak, ez baita batere ohikoa ibaia horren goian ikustea, eta asko izan dira ezohiko irudia bertatik bertara ikustera ibaiaren ertzetara bertaratu diren herritarrak.
(Argazkiak: Jabi Gonzalez Toston)