Bi segundogatik egin dio ihes Bilboko banderak Telmo Deuni

Intza Trula 2023ko abu. 20a, 19:33
ETE ligako Telmo Deunen trainerua. (Utzitakoa)

Bilboko Ikurrina izan dute jokoan gaurkoan ETE eta KAE1 ligetako Telmo Deunen traineruek. ETE ligan bi segundogatik ez du irabazi bandera Telmo Deunek; KAE1 ligako trainerua, aldiz, bere txandako azkena izan da.

Bilboko uretan jokatu dituzte estropadak gaur arratsaldean ETE eta KAE1 ligetako Zumaiako ontziek. 17:00etan lehiatu dute ETE ligako estropada; KAE1 ligakoek egin dute ondoren, 17:45ean.

Alde batetik, ETE ligan estropada ona egin du Telmo Deunek, baina zertxobait azkarragoa izan da Zarauzko ontzia; bi segundo lehenago helmugaratu da Enbata, Bilboko Ikurrina Zarautzera ekarriz. Hori horrela, gaurko estropadaren ondoren, bigarren postuan da Telmo Deun, Kaiku Nortegas traineruaren atzetik, eta denboraldiko azken estropada jokatuko dute datorren igandean, Erandion.

Bestetik, KAE1 ligakoek aurtengo denboraldiko azken estropada jokatu dute arratsaldean. Zumaiako ontzia bigarren txandan lehiatu da, eta ez du egunik onena izan bertan; txandako azkena izan da Telmo Deun gaur arratsaldean, eta horrenbestez, sailkapen nagusian bostgarren postuan geratu da.