Bi gurpilen gainean hasi dute gazteek Kuadrilla Eguna

Intza Trula 2023ko abu. 19a, 13:19

Alkandora koloretsuak jantzita eta bizikletaren gainean bildu dira zumaiarrak Beheko Plazan. Musikaren laguntzaz eta lagunartean hasi dute Kuadrilla Eguna, tabernaz taberna herria zeharkatuz.

Eguraldi bikainarekin eta bi gurpilen gainean hasi dute eguna Zumaiako makina bat gaztek Kuadrilla Egunean. 12:00etan Beheko Plazan elkartu dira herritarrak, bizikletaren gainean eta alkandora koloretsuak soinean zituztela. Musika lagun, herriko tabernak zeharkatu dituzte goiz osoan zehar.

Bazkalostean izango du jarraipena festak haurrentzako diskofestarekin, apar festarekin, txarangarekin eta Dardara Fest jaialdiarekin. Honakoa da arratsalderako Zumaiako Udalak prestatutako egitaraua:

  • 17:00-18:30. Haurrentzako diskofesta, Mariskal DJarekin, Kofradian.
  • 18:00. 12 urtetik gorakoentzat apar festa, Odietan.
  • 18:30. Jainekin txarangaren kalejira.
  • 19:30. Dardara Fest jaialdia, Amaia plazan. Ezpalak, Hofe X 4:40, Ginger, Amiltzen eta Bikabi taldeak igoko dira oholtzara.
  • 22:30. Diskofesta eta A.B. Shows, Kofradian.