Pasaian lehiatuko dira asteburu honetan Telmo Deuneko neska-mutilak

Onintza Lete Arrieta 2023ko abu. 11a, 08:00
Telmo Deuneko gizonezkoak. (Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkartea)

Bihar, larunbata, eguerdi partean jokatuko dituzte ETE eta KAE1 ligetako estropadak. Postua mantentzera eta estropada txukuna egitera aterako da gizonen trainerua; emakumeena, berriz, irabaztera eta Kaikuri lidertza kentzera.

Gero eta jardunaldi gutxiago falta da KAE1 eta ETE ligak amaitzeko, eta Telmo Deuneko arraunlariek ahalik lan onena egingo dute asteburu honetan ere. Bihar, larunbata, Pasaian (Gipuzkoa) dute hitzordua, 11:30ean emakumeek eta 12:00etan gizonek.

Zumaiako emakumeen traineruak esku-eskura dauka sailkapeneko lidertza, hiru puntuko aldea bakarrik ateratzen baitio Kaikuk (67 puntu ditu horrek, eta 64, Zumaiak). Hala, irabazteko helburuarekin aterako dira bihar Telmo Deunekoak.

Gizonezkoen traineruak gutxiago du jokoan, baina adi ibili beharko du: bosgarren da sailkapenean, 72 punturekin, laugarrenarengandik oso urrun (96 puntu ditu San Juanek). Beherantz begiratuta, berriz, erne ibili beharra du, lau punturen barruan dituelako Zarautz seigarren, eta Camargo zazpigarren postuetan.