"Elektrotxaranga osatzeko ideia hor zegoen aspalditik, fundamentu pixka bat jartzea bakarrik falta zitzaigun"

Intza Trula 2023ko eka. 10a, 10:00
Sanchez eta Martin. (Maria Maya Manterola)

Nagore Sanchez (Zumaia, 2001) eta Intza Martin (Zumaia, 2003) duela gutxi sortu den Hamarru elektrotxarangako bi taldekide dira. Musikaren munduan oso murgilduta daude bi gazteak, eta Hamarru proiektuaren parte izateaz gain, Zumaiako Musika Bandako partaide ere badira.

Maiatzeko Baleike aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Nola sortu zen taldea osatzearen ideia?

Intza Martin: Elektrotxaranga sortzeko ideia Manu Blancorena izan zen; aspalditik zeukan hori buruan, lagunen artean komentatzen zuen beti. Urrian elektrotxaranga baten kontzertua egon zen Zumaian, eta emanaldiaren erdian Manuren mezu bat jaso nuen: "Intza, elektrotxaranga bat sortuko dugu, animatzen zara?". Nire erantzuna baiezkoa izan zen segituan.

Nagore Sanchez: Momentu hartan bertan erakutsi zidan Intzak Manuren mezua, eta pentsatu ere egin gabe, nik ere baiezkoa eman nien. Gogoan dut duela urtebete santelmoetan honen inguruan hitz egin nuela Manurekin, baina nik uste nuen, beti bezala, ezerezean geldituko zela guztia, eta ez genuela aurrera eramango proiektua. Ideia hor zegoen aspalditik, fundamentu pixka bat jartzea bakarrik falta zitzaigun.

I.M.: Momentu horretan taldekideak bildu genituen, eta bi asteko epea jarri genion geure buruari martxan jartzeko.

Nondik dator taldearen izena?

I.M.: Unai Sasiain taldekideak proposatu zuen Hamarru izena. Aspalditik zeukan izen hori buruan, eta taldekide guztioi gustatu zitzaigun aurkeztu zuenean.

N.S.: Zumaian karramarroa hamarra izenez ezagutzen da, eta horri olagarro hitza gehitzen badiozu, Hamarru hitza ateratzen zaizu.

I.M.: Horrez aparte, marrua egitea. Beraz, esanahi pila bat ditu atzean taldearen izenak.

Zumaian egin zenuten debuta, eta harrera oso beroa izan zenuten.

I.M.: Sekulakoa izan zen. Jende pila bat gerturatu zen gu ikustera, eta talde guztia oso eskertuta dago jasotako babesagatik. Giro ezin hobea izan genuen, eta egun oso polita izan zen.

N.S.: Gu oso gustura egon ginen, eta kanpoko jendeak ere hori helarazi digu. Azken finean, hori da guretzat garrantzitsuena; bertaratzen direnak gustura egotea eta ondo pasatzea.

Nola antolatzen zarete entseatzeko?

I.M.: Lokala oso txikia da, eta gu asko gara. Ahal dugun moduan egiten dugu, igande arratsaldeetan biltzen gara normalean, posible dugunok azaltzen gara, eta kito.

Zertan oinarritzen zarete abestiak aukeratzerako orduan?

N.S.: Zerrenda asko dauzkagu gustuko ditugun abestiz osatuta. Hasieran proposamen guztiak bildu genituen lista batean, ondoren batzuk aukeratu genituen, eta horiekin beste bat sortu genuen, ikasteko zerrenda izango litzatekeena. Amaitzeko, jotzen ditugun abestien zerrenda bat egin genuen, ofiziala, nolabait esateko.

I.M.: Jotzen ditugun kanta guztiak ez dira euskaldunak, baina lehentasuna daukate euskal kantek. Hasieratik hitz egin genuen taldean euskarazko abestiak joko genituela.

Taldearen abestirik gustukoena?

I.M.: Rukula abestia bai ala bai jo behar dugun horietako bat da, zalantzarik gabe; azkena jotzen duguna, taldekide batzuen gustukoena da. Baina, orokorrean, talde osoaren kantarik gogokoenak Kukutza edo EH Sukarra dira.

Datozen hilabeteetarako kontzertu asko dituzue hitzartuta?

I.M.: Proposamen pila bat iritsi zaizkigu, ez genuen espero oraintxe hasi eta hainbeste proposamen jasotzea. Elektrotxarangak modan daude orain, eta eskari handia dago. Ahal ditugun kontzertuak eskainiko ditugu, baina lasai hartu nahi dugu. Hala ere, esan beharra daukat talde osoa oso gogotsu dagoela, eta kontzertuak ematen jarraitzeko irrikaz gaudela.

N.S.: Kontzertu batzuk hitzartu ditugu jada, baina gehienbat epe motzerakoak. Oraintxe hasi gara, eta ez dugu epe luzerako ezer hitzartu nahi.