GUTUNA

Uztailaren 3an ikurrinez jantziko ditugu kaleak eta balkoiak!

Mendi Gorostiaga, Zumaiako Gure Eskuren izenean. 2023ko eka. 8a, 16:00
(Zumaiako GED).

Uztailaren 3an tourra Zumaiatik pasatzen dela eta, Gure Eskuk idatzi bat helarazi dio Baleikeri herritarron artean zabaltzeko. Mendi Gorostiaga da sinatzailea, Zumaiako Gure Eskuren izenean.

Kaixo lagun! 2023ko Frantziako Tourra Euskal Herritik abiatuko dela jakingo duzu honez gero eta, baita, lehen hiru etapak, bere osotasunean, gure lurraldeetan hasi eta amaituko direla ere. Frantziako Tourrak denera 579 kilometro egingo ditu hiru egun horietan. Hiru etapa horietatik batean, uztailaren 3an, Amorebieta-Etxano > Baiona etaparen baitan gure herria, Zumaia, zeharkatuko dute txirrindulariek.

Gure Eskutik, Tourrak duen nazioarteko oihartzuna baliatu nahi da Euskal Herria nazioartean proiektatzeko; Europako txoko honetan nazioartean aitortua izan nahi duen 7 lurraldez osatutako herri bat dagoela erakutsiko dugu. Horretarako, uztailaren 3an ikurrinez jantziko ditugu kaleak eta balkoiak, eta euskaraz, gure hizkuntzaz, bazter guztiak bustiko ditugu, merezi duen aitortza nazioartera helaraziz.

Etxean ditugun ikurrinak ateratzearekin batera, inork beharko balu ere, Gure Eskuk ikurrinak jarriko ditu guztion eskura, Erribera kalean ondorengo egunetan jarriko dugun mahaian:

Ekainaren 25ean, igandea,12:30etatik 14:00etara.

Ekainaren 29an, osteguna,12:30etatik 14:00etara.

Bestetik, nazio mailako Gure Eskutik, inoiz egin den ikurrinik handiena aurkeztuko da eta, horretarako, jada, diru-bilketa abian da. Ekarpena egiten duen orok bere burua bertan ordezkatuta ikusiko du; izan ere, ikurrinaren GORRI eta BERDE koloreetan, eragile, talde, elkarte zein norbanakoen IZEN, HITZ edo ALDARRIAK josiko dira. Ikurrinaren ZURIAN, ordea, BASQUES DECIDE-EUSKAL HERRIAK ERABAKI leloa irakurriko da.

Ekarpenak egiteko lau bide daude: 

  • Itsulapikoa webgunearen bitartez: itsulapikoa.eus
  • Whatsapp-ez, 644 07 90 65 zenbakira idatziz.
  • Transferentzia bidez, ES83 3035 0063 85 0630075771 kontu korrontera. Ikurrinan izena jarri nahi izanez gero, 644 07 90 65 whatsappera bidali ordainketaren agiriarekin batera.
  • Erribera kalera aterako dugun mahaira hurbilduz.

Uztailaren 3an, herria batuz, saretuz eta elkarlanean, Euskal Herriko errepideak hartuko ditugu eta Herri honek bere etorkizuna erabakitzeko duen eskubidea lau haizetara zabalduko dugu. GUZTION ARTEAN LORTUKO DUGU!!! EUSKAL HERRIA ZUMAIATIK MUNDU ZABALERA!!!

Zumaiako GED