Gizarte Larrialdietarako Laguntza eskatzeko deia zabaldu du udalak

Intza Trula 2023ko eka. 5a, 11:30
Jose Mari Azkue zinegotzia eta Pili Alberdi Gizarte Zerbitzuetako arduraduna (Zumaiako Udala).

Iaz 148 zumaiarrek jaso zuten Gizarte Larrialdietarako Laguntza, eta aurten ere laguntza hori eskatzeko deia zabaldu du Zumaiako Udalak.

Gizarte Larrialdietarako Laguntza eskatzeko deialdia zabaldu du udalak etxeetara bidalitako eskuorrien bitartez. Laguntzen inguruko informazioa zabaldu dute etxe guztietan, eta kopuruen barruan edota gertu dauden herritarrei Gizarte Zerbitzuekin harremanetan jartzeko eskatu diete udal ordezkari eta teknikariek. Udalak azaldu duen moduan, "Gizarte Larrialdietarako Laguntzak premia puntualei erantzutea du helburu, batez ere etxebizitzako gastuei (alokairua, hipoteka, argia, ura, gasa...)", baina beste gastu batzuk ordaintzeko ere balio dezake.

Zumaiako Udalak adierazi duenez, "dirulaguntzekin Zumaian egoera ahulean bizi diren herritarrengana iritsi, bizi baldintzak nahiz bizi kalitatea hobetu eta gizarte bazterkeria egoerak prebenitu, saihestu edo leundu nahi dira". Horretarako Gizarte Zerbitzuetako langileek "jasotako eskaera guztiak aztertu eta baloratzen dituzte, eta herritarrekin elkarlanean gauzak hobetzeko edo aldatzeko bidelaguntza eskaintzen dute, arlo pertsonalean lanketa, laguntza ekonomikoak zein sozialak, eta bestelako baliabide eta prestazioak uztartuz". 

Laguntza ekonomiko horien artean dago Gizarte Larrialdietarako Laguntza; etxeetara bidalitako eskuorrien bitartez baliabide publiko honen berri eman du udalak, behar duen herritar orok erabil dezan. 2022an 148 zumaiarrek jaso zuten dirulaguntza hau.