Merezitako aitortza jaso dute aurten duela 90 urte jaiotako zumaiarrek

Onintza Lete Arrieta 2023ko eka. 4a, 14:02

Hogarrean elkartu dira omenduak eta beren senitartekoak lore sorta eta oparitxo bana jasotzeko, eta ondoren mokadua hartu dute denek elkarrekin. Iñaki Ostolaza alkatea, Arritxu Bidasoro Beheko Plaza jubilatu elkarteko ordezkaria eta Pili Alberdi Gizarte Zerbitzuetako teknikaria izan dira ekitaldian.

1933an jaiotako 46 zumaiar omendu ditu gaur Zumaiako Udalak eguerdian Hogarrean egindako ekitaldian. Arritxu Bidasoro Beheko Plaza jubilatu elkarteko ordezkariak hartu du hitza aurrena, eta ondoren Iñaki Ostolaza alkateak. Pili Alberdi Gizarte Zerbitzuetako teknikaria ere bertan izan da.

Labur-labur aritu dira bai Ostolaza, bai Bidasoro, baina Ostolazak hausnarketarako tartea ere hartu du: "Pozgarria da horrenbeste herritar 90 urte betetzera iritsi izana. 46 izan zarete aurten. Esan nahi du gero eta osasun hobea dugula herritarrok. Baina, bestalde, iaz herrian 46 haur jaio ziren, eta horrek zer pentsatua ematen du". Esan du haurrak beharrezkoak direla herritar guztiak zaindu ahal izateko, eta omenduei esan die beren jakintza hurrengo belaunaldiei transmititzea garrantzitsua dela. "Eskerrak" ere eman dizkie, "familiak aurrera ateratzen eta komunitatearen alde egindako lan guztiagatik".

Lore sorta koloretsua eta oparitxoa jaso dute banan-banan han bildu diren omenduek –denek ezin izan dute han egon–, eta ondoren mokadua hartzeko aukera izan dute.