Musika eta dantza, asteburu hasiera alaitzeko

Onintza Lete Arrieta 2023ko eka. 3a, 19:02

Goizetik, Musika eta Dantza Eguna ari dira ospatzen gaur herriko zortzi eragile elkarlanean.

Musika eta Dantza Eguna ari dira ospatzen gaur herrian goizean goizetik hasita. Zortzi eragilek bat egin dute eguna antolatzeko: Zutrik Trikitilari Elkarteak, San Pedro Abesbatzak, Zumai txarangak, Astinduk, Udal Txistularien Bandak, Udal Musika Bandak, Musika Eskolak eta Zumaiako Udalak.

10:00etan hasi dute egitaraua, txistularien eta dultzaineroen saio ibiltariekin. Ondoren, San Pedro Abesbatza eta Musika eta Dantza Eskolako kantuko ikasleak aritu dira herritarren belarriak gozatzen, eta kalejiran joan dira Zumaiako Txistulari Bandarekin Moilaberrira. Handik hasita, Erribera kaletik Kofradiaraino egin dute gero Zutrik taldearekin, eta dantzaren ordua iritsi da gero: Astinduko eta Musika eta Dantza Eskolako dantzariak eskutik ibili dira gorputzak astintzen.

Dantzariak Zumaiako Musika Banda, Zumai Txaranga eta Musika eta Dantza Eskolako musikariekin kalejiran ere ibili dira, eta ibilbidea Ondartxo Plazan amaitu dute. Denak elkartu dira han: musikariak, dantzariak eta abesbatzak.

Ordu batzuetako etena eginda, 19:00etan Musika eta Dantza Eskolako Konboez gozatzeko aukera izan dute herritarrek Mari Kalean, eta horrekin amaitu da Musika eta Dantza Egun oparoa.

(Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea)