Carmelo Amas: "Bihotzean daukat Zumaia"

Aitor Manterola Garate 2023ko eka. 5a, 08:00
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea eta utzitakoak.

Goi mailako futbolaria izan zen zumaiarra 1961etik 1976ra, Realean, Espanyolen, eta berriz ere Realean. Alfredo Di Stefano taldekide izan zuen, eta Pele-ren eta Johan Cruyffen kontra jokatu zuen (horrek kamiseta eman zion gero). Entrenatzaile izan zen ondoren, hogeita sei urtez Realeko gazte mailako taldean; sei hilabetez lehen taldea ere zuzendu zuen. BALEIKE aldizkariko elkarrizketa da honakoa.

Maiatzeko Baleike aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain.

Haize lekua da Zumaia, eta gogor ari da astintzen Erribera kaleko ertz batean, Mari estatuaren azpian. Auto askoren artean, batek Txomin Agirre moilan aparkatu du. Handik atera dira Carmelo Amas (Zumaia, 1943) eta Maria Pilar Etxarri emaztea. Amas futbolari eta entrenatzaile ohia ilusioz itzuli da jaioterrira, bisitan sarri samar etortzen den bakoitzean bezala. Pozik da herrian, eta ez du ezkutatzen poz hori. Jaioterria eta futbola hizpide hartuta, haurtzaroko kontuekin hasi da solasaldia, Aita Mari futbol zelaitik gertu.

Zumaiarra jaio zinen, baina segituan joan zineten Lasarte-Oriara bizitzera. 

Hori da. Bederatzi hilabete baino ez nituen hemendik joan ginenean. Mari kalekoa naiz. Sei anai-arreba ginen, baina bat txikia zela hil zen, eta beste bat istripuz, 23 urterekin. 

Zertan egiten zuen lan aitak?

Itsasontzietako mekanikoa zen, eta Yereguirenean egin zuen lan. Gero, Lasarten, autobusetako mekaniko hasi zen. 

Ama ere zumaiarra, baina Asturias aldekoa jatorriz.

Bai, aita zuen asturiarra, Mendez abizenarekin. 

Zumaiatik oso txikitan joan arren, eta bizimodua hemendik kanpo eginagatik ere, zumaiartzat daukazu zeure burua. Harro esaten duzu, gainera. 

Bai horixe. Beti esaten dut zumaiarra naizela. Bihotzean daramat. 

Joan, joan zinen, baina betiko ez, ezta? 

Ez, ez. Amama Pepa bizi izan zen bitartean udatan etortzen ginen. Orain Aita Mari elkartea dagoen gainean bizi zen. Haurtzaroko lagunak hemen ere egin nituen, eta bat Pedro Mari Garate Altxola da [Amas agurtzera azaldu da elkarrizketako hitzordura]. Osaba bera genuen, geure artean senideak izan ez arren. 

Zer egiten zenuen hemen udan?

Etxekoekin egon, eta jolastu. Joanito Zearretak bizikleta tailerra zeukan, eta hark lagatzen zizkigun bizikletekin ibiltzen ginen hara eta hona. Senide asko nituen hemen, eta bazen norekin egon. Neguan ere etortzen ginen batzuetan. 

Ezinbesteko beste hitzordu batzuk ere ba omen zenituen herrira itzultzeko: Telmo Deunen banderak ospatzeko errezibimenduak. 

Telmo Deuneko jarraitzailea naiz, eta irabazten zuen urteetan pentsa zer zen niretzat, zumaiarra izanda. 1980ko hamarkadan asko irabazi zuen, eta igandero ez ginen etortzen, baina jarraipen handia egiten nion traineruari. Lasarten banuen lagun bat Zumaian arraun egindakoa. Badugu bitxikeria bat bilobarekin: oriotarra da, gure semea hara joan zelako bizitzera, eta hemengo errezibimiendu batean, biloba "Aupa Orio!" oihuka hasi ez zitzaigun ba! [barrezka]. Guk isiltzeko esaten genion.

Mari kalean jaio zen Carmelo Amas. Martxoan egin zitzaion elkarrizketan bisitatu zuen jaiotetxea.

 

Orain ere tarteka etortzen zara herrira. 

Bai. Olarro Egun batean ere egondakoak gara. Edozein unetan etortzen gara, buelta bat ematera. Eta hemendik pasatzen bagara beste nonbaitera goazelako edo nonbaitetik gatozelako, sartu-irtena egiten dugu herrian. 

Asko aldatu da, bada, Zumaia. 

Polita beti izan da, baina orain beste gauza bat da. Lehen alde zaharra bakarrik zen, eta orain begira noraino zabaldu den. Lehen trenean etorri, eta geltokitik asko ibili behar zen herrigunera iristeko, bidean ez zegoelako ezer.  

Futbolaren aitzakian ere egin omen zizuten herrian omenaldi bat. 

Elkarte batetik deitu zidaten, eta bazkaripaxa egin genuen. 

Futbolean oso ezaguna izan arren, zumaiarra zarela ez daki jende askok. Zergatik?

Elkarrizketa batean azaldu zen arte Zumaian jaiotakoa nintzela, ez zen asko jakin. Lasartekoa nintzela jartzen zidaten kroniketan-eta, eta beti esaten nien kazetariei ezetz, zumaiarra naizela. Berriki Mitxel Gonzalez kazetariak idatzi du sare sozialetan nire izenean ate bat dagoela Espanyolen zelaian, eta hura ere senide zumaiarrak dituena izanik, Mitxelen bitartez ere jakin da Zumaiakoa naizela, horrela idatzi duelako. 

Ume-umetatik hasi zinen futbolean jokatzen?

Bai. Baloia, baloia eta baloia. Besterik ez nuen orduan. Jolastu eta jolastu ibiltzen nintzen. Eskolatik irten, eta ez zen besterik Lasarten. Eskolako lanak egin, eta kalera, futbolean jokatzera. 

Kaletik hondartzara gero?

Hori da. Donostiako Jesuitak eskolarekin jokatu nuen hondartzan, Kontxan. 13 eta 14 urterekin jokatu nuen. Hortik Añorgara joan nintzen, 15 urte nituenean. 

Bila joan zitzaizkizun?

Ondo jokatzen nuen. Aurrelaria nintzen, eta gol asko sartzen nituen. Fitxatu nahi ninduten. Hondartzan nenbilela, beste talde batek ere nahi izan ninduen: Anoetak. Fitxatu ninduten, baina arazo bat tarteko, taldea desagertu egin zen. Oraingo Lengokoak da hau, eta tartean Deportes Elizondo ere izan zuen izena. Kontua da Gipuzkoako bi onenak Añorga eta hauek zirela. Libre geratu nintzen. Lagun batzuk neuzkan Añorgan jokatzen, eta joateko eskatu zidaten. Horrela joan ginen sei bat lagun. Jubeniletan jokatu nuen han. 

Debuteko partida gogoan al duzu?

Gipuzkoako Kopan izan zen, Hernaniren kontra. Itzulikoan jokatu nuen, eta 0-3 irabazi genuen. Hiru golak neuk sartu nituen. Finala jokatu genuen gero Ilintxaren aurka, eta 1-4 irabazi. 15 urte neuzkan orduan. Gero, Nazional Ligako taldean jokatu nuen jubeniletako aldia bukatu artean. 

Hiru gol sartzeagatik orduan ere baloia ematen zitzaion golegileari, orain bezala?

Bai zera! Baloirik ez zen egoten ia-ia, eta zeudenak sakratuak ziren.

Nolakoa zen orduan futbola? Entrenatzeko lekuak, zelaiak, entrenamenduak, materiala...

Entrenamenduak baino gehiago partidak jokatzen genituen. Lasarten, adibidez, hogei bat lagun batzen ginen hipodromoan, eta jokatu egiten genuen. Gero, Añorgan, entrenatzen hasi ginen Javier Expositorekin, astean hiru bider. Ordurako agintea nork zeukan ondo zehazten zuen Javierrek. Belarretako zelaia zen Añorgakoa, eta eguraldi ona zenean, bertan entrenatzen genuen. Bestela, pilotalekura. Materialari dagokionez, Javier oso zorrotza zen botekin. Ondo-ondo zainduta eduki behar genituen, eta astean behin begiratzen zigun. Txabola bat genuen ate baten atzean, gauzak gordetzeko. Harrapatzen zuena botak zaindu gabe, lasterka jartzen zuen. Horrela behar zuen. Konpromisoa erabatekoa zen orduan. Orain, eskiatzera joaten dira gazteak denboraldi erdian partida eta taldea utzita. Orduan, pentsaezina zen hori egitea. 

Nolako giroa egoten zen zelaietan?

Gerra giroa [barrezka]. Besterik ez zegoen. Gipuzkoan barrena jokatzen genuen Añorgarekin hango nire lehen urtean, eta Arrasateraino joaten ginen. Hangoentzat hiriburuko taldea ginen gu, eta partida batean, 3-0 galtzen ari ginen lehen zatian. Burla egiten ziguten bertakoek, ea gu ginen Donostiako talde onena esanez. Gero, bigarren zatian buelta eman genion emaitzari, eta 3-6 irabazi genien. Eibarrera, Bergarara, Tolosara, Ordiziara eta abar joaten ginen. Oso oroitzapen onak dauzkat Añorgako urteez. Iribarren aurka ere jokatu genuen, Zarautzen kontra, eta zazpi gol sartu genizkion. Orduan ez zuten deitzen Gipuzkoako selekziora atezain joateko, pentsa. Atezainetako bat Matias Gorrotxategi zen selekzioan, Tolosako Casa Julian jatetxekoa, eta harro esaten du Iribarren aurretik ibili zela selekzioan. 


Amas, Atotxan.
 

Eta Reala azaldu zitzaizun gero.

Bai, baina lehenago ere fitxatu nahi izan ninduen, Añorgan nenbilela. Baina hauek ezezkoa. Jubeniletako aldia bukatu, eta Realera joan nintzen, Sansera. Orduan Bigarren Mailan zegoen (orduan ez zen Bigarren B Mailarik). 18 urte bete berriak nituen. 

Beste maila bat izateaz gain, bidaiak-eta luzeagoak izango ziren, ezta?

Bigarren Maila bi multzotan banatua zegoen: Iparraldekoa Galizian hasten zen, eta Katalunian bukatu; Hegoaldekoa beste guztia zen. Autobusez ibiltzen ginen. Igandean jokatzeko ostiraletan ateratzen ginen batzuetan. Pentsa Vigora (Galizia) joateko nola ibiltzen ginen. Zatika egiten genuen bidea, gaua bidean eginda, eta azkenekoa osatzeko, Ourensetik Vigorainokoa, hiru ordu behar izaten genituen. Errepideak al ziren ba haiek! 

Zer egiten zenuten autobusean?

Irratiko musika entzun, baina ez zen orain bezala. Bestela, kartetan jokatzen genuen, mahai bat bazuela-eta autobusak. 

Beste abentura bat hasi zenuen orduan, eliteko futbolean. Erabat ezberdina?

Bai. Aurreneko denboraldian, Sanserekin, hirugarren edo laugarren izan ginen, baina mailaz jaitsi behar izan genuen, Realak ez ziolako eutsi Lehen Mailan jokatzeari. Hurrengo denboraldian, talde erdia baino gehiago lehen taldera igo gintuzten, Realera. 

Zenbat denboraldi egin zenituen Realean lehendabiziko aldian?

Hiru. Ez genuen Lehen Mailara igotzea lortu. 

Eta Espanyol azaldu zitzaizun gero. 

Realak dirua behar zuen, eta saldu egin ninduen, garai hartako milioi eta erdi pezetaren truke. Dirua zen orduan. Urtero saltzen zuen Realak garai hartan. Lehendabiziko salmenta Arakistain atezainarena izan zen, eta haren atzetik joan zen Olano aurrelaria Murtziara. Gero ni izan nintzen. 

Nola gauzatzen ziren fitxaketak orduan?

Espanyolek ni nahi ninduen, eta Realak saltzeko beharra zeukanez, bi kluben artean adostasuna egin zuten. Ondoren, niregana etorri ziren, joan nahi nuen galdetzera, eta fitxa adostera. 

Baiezkoa erraz esan zenuen?

Bai. Lehen Mailan jokatzeko aukera ematen zidalako batetik, eta diru gehiago irabaziko nuelako, bestetik. Han joan nintzen, eta zazpi denboraldi egin nituen bertan. Neskalaguna hemen geratu zen, eta hirugarren urtera ezkondu ginen, eta elkarrekin ginen berriz. 

Zer aurkitu zenuen Bartzelonan?

Esperientzia handiko jokalariz osatutako taldea zen Espanyol, eta horietako asko fitxatutakoak ziren, gainera. Bat Sevillatik, pare bat Valladolidetik, beste bat Atletico Madriletik, eta horrela. Di Stefano ere taldean zen, eta denboraldi batez jokatu nuen harekin. 

Zer izan zen zuretzat Di Stefano bezalako izar handi bat taldekide izatea?

Denen idoloa zen orduan, munduko onena. Oraingo Messi zen. Alfredo jainkoa zen. Real Madrilekin dena irabazita zeukan, Europako Kopa hainbat bider, besteak beste.  

Aldagelan aurreneko aldiz ikusi zenuenean, zer?

Errespetua nion, baina gero, ohitu egin nintzen. Izen handiko jokalari asko zeuden han. Cayetano Re ere etorri zen, Marcial, Jose Maria, Claveria...

Jokalariak bakoitza bere etxean bizi zineten ala ez?

Ez. Egoitza edo erresidentzia antzeko bat zeukan Espanyolek, pentsio modukoa, ezkongabeak ginen jokalarientzat bakarrik. Han bizi ginen. Emakume batek egiten zigun jatekoa, arropak garbitu... Gero, ezkondu ginenean, etxe batera joan nintzen. 

Espanyolen ere golak sartzen trebe ibili zinen?

Ez pentsa. Hegaletik jokatzen nuen. Jubeniletan bakarrik jarri ninduten aurrelari. Hegaletatik zailagoa zen golak sartzea. Orduan, alboko marrari itsatsita jokatzen genuen, eta ez orain bezala, barrura sartzen baitira. Bi aukera izaten genituen hegalekoek: erdiratu, edo buruz buruko jokaldia egin. Baina sartu nituen gol batzuk, hala ere. 

Espanyolen bizi izandakoaren oroitzapen onena?

Garai oso ona izan zen. Hirugarren geratu ginen ligan, eta handia zen lorpena. Orduko aurrelari multzoa oso ezaguna izan zen: Re, Rodilla, Marcial, Jose Maria eta ni neu. Zaleek buruz zekizkiten gure izenak. Bost izurdeak deitzen ziguten. 

Zergatik?

Azkarrak ginelako. Kazetari batek jarri zigun ezizena. 

Zer da Espanyoleko jokalari izatea Bartzelonan, hirian Bartzelona Futbol Taldea egonda?

Bigarren mailakoa izatea. Bartzelona kluba da hiriko ikonoetako bat. Bartzelonako zaleak independentistak dira gehiago, baina Espanyoleko zaleen artean ere badaude. Gehiago dira, ordea, Espainiako etorkinak. 

Espanylolen estadioan (RCDE Stadium) sarrerako ate batek zure izena daramala aipatu duzu lehen. Nondik nora?

Zelai berria egin zutenean, ateei izena jartzea erabaki zuten, eta Bost izurdeek daukagu geurea. Bazkideen artean erabaki zuten. 20-30 bat ate izango ditu estadioak, bakoitza bere izenarekin. Espanyolen jokatu dugunak askoz ere gehiago gara, eta kontuan izanda klubik zaharrenetakoa dela, atera kontuak zenbat jokalari ohi garen. 

Zer sentitu zenuen horren berri eman zizutenean?

Ilusio handia egin zidan, hainbeste denbora pasatu eta gero oroitu zirelako. Poz handia eman zidan. Nirekin beti ondo portatu dira, eta klubaren efemeride garrantzitsuenetara gonbidatu egin naute beti. Gabonetan zoriondu ere egiten naute.  

Bukatu zenuen Espanyoleko aroa, eta Realera itzuli zinen 1972an. Nola izan zen?

Kontratua bukatu nuen Espanyolen, eta Realak deitu zidan. Lehenengo Mailan zegoen orduan, eta lau denboraldi osatu nituen hemen. Europan ere jokatu genuen, Realaren historian aurreneko aldiz, 1974-75 denboraldian. Banik Ostravaren jokatu, eta galdu egin genuen kanporaketa. Hurrengo denboraldian berriz ginen Europan, eta Grasshopper taldea kanporatu genuen, baina gero, astindua eman zigun Liverpoolek (1-9 izan zen kanporaketako emaitza). Horien kasuan, haiek jokatu zuten gurekin [barrezka]. Zeinen onak ziren! Toshackek jokatzen zuen han [gero Realeko entrenatzaile izan zenak]. Denboraldi hartan UEFA Kopa irabazi zuten, eta hurrengoan hiru lehiaketa irabazi zituzten: liga, UEFA eta hango Superkopa. Kevin Keegan ere bazen talde hartan. 

Zer da Anfield estadioan jokatzea, Liverpoolen zelaian?

Sekulako astindua eman ziguten itzulikoan: 6-0. Ez genuen esperientziarik, eta Liverpool beste maila batean zegoen, beste mundu batekoa zen. Atotxan, joanekoan, 1-3 irabazi ziguten, eta neuk sartu nuen Realaren gola. 

Europatik barrena ibili eta gero, futbola uzteko ordua heldu zitzaizun. Zuk utzi zenuen, ala utzi egin behar izan zenuen?

Neuk utzi nuen. Konturatu nintzen garaia nuela lagatzeko. Pentsa, liga irabazi zuen Realeko hainbat jokalarik jokatu zuten nirekin: Arkonadak, Kortabarriak, Olaizolak, Zamorak, Idigorasek, Satrustegik, eta azkeneko nire urtean Lopez Ufartek ere bai. Zubi lana egin genuen guk gure taldearen eta gero txapeldunena izango zenaren artean. 


Amas, Aita Mari futbol zelaian.

Antzematen zenien gazte haiei bazutela zerbait berezia?

Bai. Batzuei besteei baino gehiago. Adibidez, Kortabarria erdiko atzelari oso ona zen. Roberto [Lopez Ufarte] etorri zenean ere, ezberdina zela ikusten zitzaion. Zamorak ere kalitate tekniko handia zeukan. Idigorasek eta Satrustegik indarra zeukaten. 

Omenaldia-eta egingo zizkizuten, ezta?

Atotxan urrezko bularrekoa jarri zidaten aurreneko omenaldian, eta gero, bigarrengoan, erloju hau oparitu zidaten, Espanyolen kontra jokatu ondoren [jantzita darama, eta idatzita dago Carmelo Amasi, fideltasunagatik, Real Sociedad]. Ez dut kendu ere egiten. Espanyolek ere eman zidan urrezko bularrekoa, eta perikito bat ere bai. 

Espainiako selekzioarekin ere jokatu zenuen, baina zorte txarra tarteko, ez zinen izan Munduko Kopan. 

Deialdi batean izan nintzen, 1966ko Ingalaterrako Munduko Koparako. Valentzian jokatu genuen Iribarrek, Sanchisek, Zocok, Amancio Amarok, Ansolak... Oso ondo jokatu genuen Bordeleko Girondinsen aurka. Asteazken bat zen. Igandean Sevillan ginen jokatzekoak Espanyolekin, baina nik ezin, sukarrarekin hotelean geratu nintzelako. Amigdalak neuzkala esan zidan medikuak, eta azkar egin behar zidatela ebakuntza. Hurrengo asteazkenean geneukan beste partida bat Espainiarekin, baina ez nintzen joan. Agur Munduko Kopa! 

Futbolean jokatzeari utzi eta segituan, entrenatzaile hasi zinen. Nola izan zen?

Realeko jokalari izatearekin batera, klubeko kadeteen taldeko entrenatzaile ere izan nintzen. Gero, gazteen mailako taldeen ardura eman zidaten jokatzeari utzi eta berehala, eta 26 urtez aritu nintzen lan horretan. 

Realeko lehen taldeko entrenatzaile ere izan zinen une batean. 

Bai. Sei hilabetez, Javier Expositorekin batera. Bartzelonaren zelaian Realak azkenekoz irabazi zuenean gu ginen entrenatzaile. Joan dira urte batzuk ordutik, 1990-91 denboraldian izan zelako hori. Real Madrili Madrilen, eta Valentziari Valentzian ere irabazi genien sei hilabeteko tarte hartan. Asmatu zituen hiru emaitza horiek Tarot egiten zuen batek [barrezka]. Taldea larri hartu genuen, eta erditik gora bukatu. 

Esperientzia horren ondoren, berriz ere gazte mailako taldea zuzentzen hasi zinen. 

Gu etxeko langileak ginen, eta lehen taldea eman zigutenerako, banekien gero lehengo lekura itzuliko nintzela.

Zure garaian, jokalari asko lan munduan murgiltzen ziren futbola utzi eta gero. Orain, ez da ohikoa, ez bada entrenatzaile edo. 

Futbolean irabazitakoarekin baneukan bizitzeko aukera, baina 35 urterekin ez nintzen hasiko ezer egin gabe bizitzen. Dirua inbertitzen zuten batzuek, eta gehienek zerbaiten ordezkaritza hartzen zuten, lanerako. Satrustegi ardotegi baten ordezkari izan zen, Gorriz medikuntzako zerbaitetan ibili zen, eta horrela, asko eta asko. Ni banketxe batean hasi nintzen lanean. 

Realeko gazteekin lan handia egin zenuen, eta emaitzei begiratuta, bitan irabazi zenuten Txapeldunen Kopa, 1998an eta 1999an. 

Emaitzak oso onak izan ziren, baina pozik handiena da zenbat jokalari on atera ziren talde horretatik. Pentsa zenbat jokalari izan ditudan hogeita sei urtean: Fuentes, Loren, Pikabea, Aranzabal, Imaz, De Pedro, Etxeberria, Txiki Begiristian, Alkiza eta beste mordo bat. 

Zer erakusten zenien gehienbat?

Borrokatzen ikastea oinarrizko gauzetako bat zen, futbolean jokatzen erakustearekin batera. Lehiatu gabe jokatzea ez zen onartzen. Irabaztera joaten ginen, baina formazioaren oinarrian. Pertsona bezala hazten ere laguntzen genien. 

Nolakoa zen orduan Zubieta? [1980an eraiki zuten, Amas entrenatzen hasi eta lau urtera].

Alderatzen hasita Athleticekin eta Lezamarekin, haiena beste gauza bat zen. Guk partidak jokatzeko zelairik ere ez geneukan-eta. Gipuzkoako herrietan jokatzen genituen etxeko partidak: Errenterian, Hondarribian, Tolosan, Lasarten, Oiartzunen... Entrenatu ere, ahal zen lekuan, Mundaizen, harritxintxarreko zelaian. Denborarekin harrapatu egin genuen Athletic, eta gero aurreratu ere bai. Hobeto ibiltzen ginen gero.

Zer iritzi duzu gaur egungo futbolaz?

Ezberdintasuna prestaketa fisikoan dago. Elikadura ere aldatu da. Beste abiadura batekin jokatzen da orain, erritmoa biziagoa da. Jokalari onak, bestelakoan, lehen ere bazeuden, eta orain ere badaude. Berdinduago dago orain lehiaketa, bizpahiru talde kenduta, onenak direnak, besteen artean parekotasun handia dago. Sistemei dagokienez, beti egon dira ezberdinak, eta orain ere bai. Ingalaterrako futbola miresten nuen, eta han beti 1-4-4-2 sistemarekin jokatzen zen. Gazteen taldean, beti jokatu izan dut bi aurrelarirekin; hiru erdiko atzelarirekin jokatzen nuen askotan, eta aurrean beti bi jokalari zirela. Bakoitzak gustatzen zaion moduan jokatzen du, edota jokalarien ezaugarrien arabera ere bai. 

Kaleko futbola non galdu da?

Orain ez dago ia. Alde onak eta txarrak zituen. Norberak atera behar zituen babak heltzetik kalean, ez zen leku asko egoten, eta adibidez, buruz buruko jokaldiak egiten ikasteko oso egokia zen. Baina kontrara, ezin zen lasterkada luzerik egin. Hori zegoen, eta horretara moldatu behar. Orain 11-12 urteko umeek zelaietan jokatzen dute, eta orduan, kalean. Gure garaian, gazte mailara heldu arte, ez ginen zelaian sartzen. Arkupeetan jokatzen genuen, bi biren kontra-eta, txandaka. 

Oraingo Realaz zer diozu?

Laino batean dago. 1960ko hamarkadan ezagutu genuenarekin alderatzen bada, gaua eta eguna bezalakoak dira ordukoa eta oraingoa, arlo guztietan, gainera. Ikusgarria da oraingoa. Begira nolako instalazioak dituen. Hartuko nituzkeen nire garaian gustura asko! Jokatzeko lehendabizi, eta entrenatzeko gero.