Asteburuan abiatuko dute aurtengo traineru denboraldia Zarautzen

Jabi Gonzalez Toston 2023ko eka. 2a, 10:30
Zumaiako nesken trainerua iazko estropada batean. (Utzitakoa)

Beteranoen, gizonen eta emakumeen Gipuzkoako Traineru Txapelketa jokatuko dute igandean 10:30etik aurrera eta Zumaiako traineruek hiruretan hartuko dute parte.

Asteburu honetan emango diote hasiera ofiziala aurtengo traineru denboraldiari Zarautzen jokatuko duten Gipuzkoako Traineru Txapelketarekin. ZAE Zarautz Arraun Elkartearen 40.urteurrena dela eta, antolatu dute txapelketa bertan eta beteranoen, gizonen eta emakumeen estropadak izango dira, igandean, 10:30ean hasita.

Hain justu, beteranoak izango dira lehiatzen lehenengoak eta lau ontzik hartuko dute parte: Orioko Badok 13, Donostiako Fortuna, Zumaia eta Illunbe-Trintxerpe.

Beteranoek lanak amaitutakoan, gizonezkoek ekingo diote lehiari, 11:00etan, eta 11 traineru arituko dira nor baino nor. Lehenengo txandan Mutriku, Hibaika eta Lapurdi; bigarrengoan Zumaia, San Juan, San Pedro eta Zarautz; eta hirugarrengoan Donostiarra, Getaria, Hondarribia eta Orio.

Emakumezkoak izango dira lehiari ekingo dioten azkenak eta 12:30etik aurrera egingo dute, hauek ere hiru txandatan banatuta: Lehenengoan Hernani eta Zarautz, bigarrengoan Zumaia Hibaika eta Hondarribia, eta hirugarrengoan Arraun Lagunak, Donostiarra, Orio eta Tolosaldea.