Hasi dituzte eskubaloi kantxa berritzeko lanak

Intza Trula 2023ko eka. 1a, 17:00
Zumaiako kiroldegiko eskubaloi pista (Zumaiako Udala).

Zumaiako Udalak eta Pulpo eskubaloi elkarteak adostutako ezaugarriak izango ditu eskubaloi pista berriak. 

Hasi dituzte kiroldegiko eskubaloi kantxa berritzeko lanak. Zumaiako Udalak eta Pulpo eskubaloi elkarteak adostutako ezaugarriak izango ditu pista berriak; hori horrela, kantxa berriak Munduko Eskubaloi Txapelketan erabilitako pisten material eta ezaugarri berak izango ditu.  Horretarako udalak 185.608 euroko ekarpena egin du. 

Gaur egungo eskubaloi kantxa -2,75 m-ko kotan dago, aireztatutako forjatu sanitarioaren gainean. Orain arte, hainbat mantentze-lan eta konponketa egin dira bertan, baina erabiliaren erabiliaz sortutako kalteak, eta hezetasunak eta kondentsazio arazoak direla eta, pista guztiz berritzeko apustua egin du udalak. Arazo horiek sahiesteko zoladura binilikoa eraiki aurretik, euskarria isolatuko dute. Horretarako, ekainean zehar, gaur egun dagoen zoladura kenduko dute eta 6cm gehiagoko altuera izateko lanak hasiko dituzte. Uztailean zoladura berria jarriko dute: PVC materialeko zoladura lehenengo, eta xafla iragazgaitza gero. Bestelako lanak amaitu ondoren, uztailaren amaieran pistak markatuko dituzte, eta atzerapenik ez bada, abuztuaren hasieran erabilgarri egongo da kiroldegiko kantxa berria. 

Kiroldegiko lehen berrikuntza

Eskubaloi kantxaren berritzea izan da kiroldegiko lehenengo berrikuntza. Lan honen ondoren etorriko dira bigarren igerilekuaren eraikuntza eta barne antolaketaren eraberritzea, besteak beste.