Naiara Barredo: "Urtegiak nahiko egoera onean daude azkenaldiko euriarekin"

Mireia Galarza Bastida 2023ko eka. 2a, 09:05

Uda gertu dago, eta asko dira hondartzara nahiz igerilekuetara joateko gogoz dauden herritarrak. Dena den, bada prezipitazio faltagatik kezkatuta dagoenik ere.

Aski ezaguna da Naiara Barredoren (Zumaia, 1984) ahotsa. Egunero-egunero, irratia piztu eta frekuentzia batean baino gehiagotan entzun daiteke bere eguneko eguraldiaren iragarpena. Ikasketaz fisikaria da, eta etorkizuneko energien inguruko masterra eginda badu ere, meteorologia arloan dabil lanean duela zazpi urte ingurutik. Gai hori da, hain zuzen, azkenaldian zeresana ematen ari dena. Uholdeak jasan dituzte hainbat txokotan, eta beste leku batzuetan, aldiz, ur hornikuntza arazoak edukitzen ari dira egunerokotasunean, lehorteak tarteko.

Oraintxe izugarrizko eguzkia ateratzen da gure eskualdean, eta handik egun gutxira, euria goian eta behean egiten du. Zein da horren azalpena?

Hori azaltzeko beharrezkoa da gure klima nolakoa den zehaztea. Planetan kokatuta gauden altueragatik eta atmosferaren zirkulazio orokorragatik, hemen eguraldi aldaketa asko izaten ditugu. Orain, eta bereziki, udaberrian, zirkulazio hori azkarragoa da, eta beraz, aldaketa horiek edukitzea errazagoa izaten da. Maiatzean eta ekainean, gainera, nahiko ohikoak izaten dira arratsaldeetako ekaitzak. Horregatik, leku askotan, eguraldi onarekin esna zaitezke goizean, eta eguardian zehar epel egin dezake, baina arratsaldean hodei multzo handiak ager daitezke. Egia esateko, azkenaldian gehiago gertatzen da hori barnealdean, kostaldera zailagoa izaten baita hodeiak iristea. Aldaketa horiek, dena den, normaltasunaren barruan koka daitezkeela esan dezakegu.

Kontraste handiko eguraldiez gain, urtaroak ez dira bereizten lehen bezala. Berotegi efektua al da hori?

Gure inguruan, beste hainbat lekutan ez bezala, urtaroak ez dira hain muturrekoak izaten. Tenperaturak ez dira gehiegi igo eta jaisten, eta udan prezipitazio gutxiago izaten baditugu ere, euria urte osoan egiten du orokorrean. Hala eta guztiz ere, datuetan ikus dezakegu tenperatura igotzen ari dela pixkanaka, eta errekorrak apurtzen ari direla ere bai.

Orduan, hotza egiten jarraituko du, ezta?

Hori da. Aldaketa horiek ez dute esan nahi hotza ez duenik egingo, baizik eta beroaldiak geroz eta luzeagoak eta intentsitate handiagokoak izango direla. Zentzu horretan, uda luzatu egingo dela aipatzen dute, lehenago hasiko baita eta beranduago amaitu. Horiek guztiak klima aldaketan adituak direnek ateratako ondorioak dira

Batzuk diote hemen hain ezaguna den zirimiri hori desagertzen ari dela. Egia da hori?

Zirimiriak jarraitu egingo du, baina egia da, berriro ere klima aldaketaren ondorioekin jarraituz, prezipitazioak egiteko modua ere aldatu egingo dela; hori da aurreikuspena. Askotan, albistegietan ikusten dugu nolako zaparradak eta euri jasak egiten dituen leku batzuetan, eta hori ematen du izango dela datozen hamarkadetako joera prezipitazioei dagokionez. Euria egingo du, bai, baina oso kontzentratuta.

Zuk aipatu duzu izugarrizko zaparradak ari direla jasaten zenbait lekutan. Hemen ba al dago arriskurik horrelakorik gertatzeko, eta gertatzen bada, aurre egiteko?

Bai, printzipioz edonon gerta daiteke. Egia da, baina, desberdintasun asko egon daitezkeela lekuaren arabera. Batzuk, orografiagatik, adibidez, aukera gehiago dituzte horrelakoak jasateko. Leku batzuk euritsuagoak dira inguruko mendien kokapenaren ondorioz, laino gehiago pilatzen direlako. Horretaz gain, oso garrantzitsua da jakitea lekuak nola dauden prestatuta. Adibidez, herria eraikita badago uholdeak izateko arriskua duen eremuetan, euri jasa bertan erortzen bada, askoz ere kalte handiagoa eragingo du. Gure kasuan, zonaldearen arabera egongo ginateke prestatuta. Itsasotik gertu egoteak laguntzen du euria erortzen bada hori garraiatzen, baina beste herri batzuk aranetan daude kokatuta, eta hor arriskua handiagoa da.

Urola bailaran Ibai Eder urtegia dago kokatuta. Ba al dago bertan nahikoa ur etorriko direla esaten duten lehorte horiei aurre egiteko?

Momentuz badirudi urtegiak nahiko egoera onean daudela azken egunetan egin duen euriarekin. Horrekin, gutxi gorabehera, urteko hornikuntza bermatuta daukagula ematen du. Gero, kontua da euri gutxi egiten duen tokietan, Araba hegoaldean, kasurako, arazoak izan ditzaketela ur hornikuntzan nekazaritzarako. Momentuz, hemen inguruko hornikuntza ez da kezkatzeko moduko zerbait, baina egoera alda daiteke aurrera begiratzen baldin badugu.

Urarekin jarraituz, baina kostaldeari erreferentzia eginez, zein da herri horiek izango duten etorkizuna itsas mailak gora egiten jarraitzen badu?

Itsas maila igotzen ari da, eta hori erakusten duten dozenaka eta dozenaka neurketa daude. Gehiago igoko da, gainera, datozen urteetan, eta beraz, argi dago neurriak hartu behar direla bai ala bai. Gertatuko dena izango da, ziurrenik, denboraldi txarrak gehiagotan errepikatuko direla, eta itsasotik gertu daudenek jasaten dituzten kalteak sarriago jasango dituztela. Litekeena da, baita ere, marearen altuera handitzearekin batera, hondartzen azalera txikitzea. Hori eskualdeko hondartzetan nabarituko dugu. 

Uda gertu dago. Zein dira aurreikuspenak?

Kontuz hartu beharreko iragarpenak dira horiek. Zentro europearrak esan duenez, uda ohikoa baino zertxobait hezeagoa izango da Europa hegoaldean, baina horrek ere ez digu printzipioz informazio gehiegirik ematen. Tenperaturari dagokionez, azken urteetako joerak jarraipena izango du, eta ohiko tenperaturak baino altuagoak izango ditugu.