Enplegua egonkortzeko hamahiru plaza betetzeko deialdia egin du udalak

Intza Trula 2023ko mai. 31a, 18:00
(Zumaiako Udala).

Hautaketa prozesu honetatik ez da lanpoltsarik sortuko, eta ekainaren 26ra arte egongo da izena emateko aukera.

Enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdiaren bitartez hamahiru plaza betetzeko deialdia zabaldu du Zumaiako Udalak. Iraupen luzeko aldi baterako enplegua egonkortzeko salbuespenezko deialdia egin du udalak, 20/2021 Legearen 6. eta 8. xedapen gehigarrietatik eratorritakoa. Hautaketa prozesua lehiaketa ireki bidez egingo da, merezimenduen balorazioa eginda, eta behin betiko izaeraz beteko dira plazak. Deialdiaren oinarri-arauak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ziren 2022ko abenduaren 21ean (240. zenbakia). 

Martxoan lau plaza betetzeko deialdia egin zen, baina oraingoan beste hamahiru plaza egonkortuko ditu udalak. Egonkortze-prozesua, administrazio publikoan behin-behinekotasuna murrizteko Enplegu Publikorako Eskaintza bat da, eta beraz, hautaketa prozesu hauetatik ez da lanpoltsarik osatuko.

Izena emateko aukera egongo da udalaren webgunean  ekainaren 26ra arte. Horrez gain, oinarri arauak, deialdiak eta informazio gehiago aurki daiteke udalaren webgunean.