Hauteskunde gauean bihotzekoak emandako herritar bat salbatzea lortu du Udaltzaingoak

Onintza Lete Arrieta 2023ko mai. 29a, 12:22
Artxiboko irudian, udaltzainen autoan erabiltzen duten desfribiladorea.

Alderdi politiko baten tabernan eman zion bihotzekoak, eta udaltzainek autoan erabiltzen duten desfibriladoreari esker lortu zuten gizona egoki artatzea anbulantzia iritsi bitartean.

Udal hauteskunde gaua izan da atzokoa, eta bozkalekuetan inolako intzidentziarik egon ez zen arren, pertsona bat artatu behar izan zuen Udaltzaingoak iluntzean herriko alderdi baten taberna barruan.

19:45 aldera herritar batek laguntza eskatu zien udaltzainei, eta bertaratu zirenean, 60 urte inguruko gizonezkoa aurkitu zuten lokal barruan arnasik hartzen ez zuela, eta konorterik gabe. Herritar bat ari zitzaion gizonari bihotza martxan jartzeko maniobrak egiten.

Udaltzainek autoan desfibriladorea ibiltzen dute, eta aparatuari esker, gizonari taupadak berreskuratzea lortu zuten. Anbulantzia iritsi zen orduan, eta haiek baieztatu zuten bihotzekoa izan zuela herritarrak. Denen artean, ospitalera bizirik eramatea lortu zuten herritarra.