Udal eta foru hauteskundeak 2023

Deba-Urola barrutian, EH Bildu nagusi

Julene Frantzesena 2023ko mai. 28a, 21:02
Boto kontaketako irudi bat.

Foru bozetan EH Bildu izan da indar bozkatuetan Deba-Urola barrutian; zazpi batzarkide lortu ditu barruti horretan, duela lau urte baino bat gehiago; eta EAJ, berriz, sei, aurreko agintaldian bezainbeste. PSE-EEk batzarkide bat lortu du Deba-Urolan. Gipuzkoan ere errepikatu egin da Deba-Urolako joera: EH Bildu izan da nagusi, eta EAJ bigarren.

Foru bozetan EH Bildu izan da indar bozkatuetan Deba-Urola barrutian. EH Bilduk zazpi batzarkide lortu ditu barruti horretan, duela lau urte baino bat gehiago; eta EAJ, berriz, sei, aurreko agintaldian bezainbeste. PSE-EEk batzarkide bat lortu du Deba-Urolan, lehen zuen kopuruari eutsita. Halaber, Ahal Dugu-Ezker Anitza-Equo Berdeakek galdu egin du duela lau urte barruti horretan eskuratu zuen batzarkide bakarra.

Botoa ematera deituta zeuden herritarren %62,68 joan ziren atzo hauteslekuetara. Dena den, 2019ko hauteskundeekin alderatuta, 7,3 puntu jaitsi da parte hartzea. EH Bilduk botoen %43,51 eskuratu ditu, %36,78 EAJk eta %10,95 PSE-EEk. Boto zuriak, berriz, %1,49 izan dira, eta baliogabeak, %1,19.

Emaitza horiek tarteko, Deba-Urola barrutiko hautes zerrendetako kide hauek izango dira batzarkide: Estitxu Elduaien (EH Bildu), Aitor Irure (EH Bildu), Itziar Irizar (EH Bildu), Oscar Bordes (EH Bildu), Eider Illarramendi (EH Bildu), Txuma Iturri (EH Bildu), Iker Intza Ortiz de Zarate (EH Bildu), Maria Eugenia Arrizabalaga (EAJ), Aintzane Oiarbide (EAJ), Jon Andoni Urdangarin (EAJ), Andrea Arriola (EAJ), Ander Garai (EAJ), Amaia Etxeberria (EAJ) eta Alberto Albistegi (PSE-EE).

Gipuzkoan ere errepikatu egin da Deba-Urolako joera. Gipuzkoako Batzar Nagusietan 51 batzarkide izango dira, guztira, eta horien erdiak baino gehiago izango dituzte EH Bilduk eta EAJk. EH Bilduk duela lau urte baino bost batzarkide gehiago eskuratu ditu lurraldean; 22, guztira. EAJk, berriz, mantendu egin du batzarkide kopurua, 17 izango ditu datorren agintaldian; aurreko agintaldian baino hiru gutxiago. PSE-EEk, aldiz, bi hautetsi galdu ditu –bederatzi edukitzetik zazpi izatera igaro da–; eta, Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza-Berdeakek bi galdu ditu –lau batzarkide zituen orain arte–. PPk, bere aldetik, bi hautetsi gehiago izango ditu hurrengo agintaldian: hiru.

Botoak ehunekoetara eramanda, honako hauek izan dira alderdi bakoitzak eskuratu dituen ehunekoak: EH Bilduk bozen %36,64 (120.578 boto), EAJk botoen %32,04 (105.437 boto), PSE-EEk %15,67 (51.591 boto), Elkarrekin Podemos-Ezker Anitza-Berdeakek bozen %6,46 (21.283 boto) eta PPk botoen %6,25 (20.574 boto). Boz zuriak %1,8 izan dira, eta baliogabeak, aldiz, %1,23. Hala eta guztiz, Gipuzkoan ere jaitsi egin da foru bozetako parte hartzea: herritarren %59,92k eman dute Batzar Nagusietako hautetsiak aukeratzeko botoa.