Udal eta foru hauteskundeak 2023

"Herriarentzat eta herriarekin" lan egiten jarraitzeko gogoz agertu da EH Bildu

Mireia Galarza Bastida 2023ko mai. 26a, 12:00

Atzo egin zuten kanpainako itxiera ekitaldia Ondartxo plazan, eta hitza hartu zuten Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Argi Yeregi zerrendako bigarrenak. Ostolazak azken lau urtetan egindako lanaren balantzea egin zuen, eta edukitako taldeaz nahiz egindako lanaz "oso harro" dagoela adierazi zuen.

Dozenaka herritarren babesean, atzo egin zuen Zumaiako EH Bilduk kanpainako itxiera ekitaldia Ondartxo plazan. Bertan hitza hartu zuten Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak, Iñaki Ostolaza Zumaiako alkateak eta Argi Yeregi zerrendako bigarrenak. Arritxu Iribar kazetari eta kirol zinegotziak gidatu zuen saioa, eta ekitaldia irakurketa batekin eta koadro baten pintaketarekin ireki zuten. 

Ostolazak azken lau urtetan egindako lanaren balantzea egin zuen atzokoan, eta edukitako taldeaz nahiz egindako lanaz "oso harro" dagoela adierazi zuen, zinegotzi bakoitzari eskerrak emanez. Legealdian egindako hainbat eta hainbat proiektu ere azaldu zituen alkateak: Zumaiako adinekoentzako Itsasargia zerbitzua, Emakumeon* Etxea, Zumaiako Mojaxarren Komentuko arte eszenikoetarako proiektua, Zumaiako Herri Eskolako Aita Mari eraikineko jolastokia, merkatariei eskainitako inoizko dirulaguntza kopuru handiena, Xey enpresaren inguruko garbiketa eta egokitzapena, Zumaian sortutako kooperatiba energetikoei emandako babesa, udalerako teknikarien kontratazioa, zuntz optikoaren instalazioa herrian, San Telmoko igogailua, eta Puntanoeta eremuaren desblokeoa etxebizitza babestuak eta alokairu sozialeko etxeak eraikitzeko, besteak beste. "Udaletxeko ateak herritarrentzat" beraiek ireki dituztela ere azaldu zuen, EAJ gobernuan zegoenean "itxita" egoten zirelako. "Eragileekin egindako elkarlana" ere azpimarratu zuen Ostolazak. 

Argi Yeregik eman zituen azalpenak ondoren. Lehenik eta behin, "eskerrak" eman zizkien herritarrei, hautes zerrenda aurkeztu zutenetik emandako "babesa eta goxotasunagatik". Gogorarazi nahi izan zuen beraiek direla herritarrek beharrak entzun eta horiei erantzuna eman behar dietenak, eta horretarako "prest" daudela azaldu zuen Yeregik. "Herri eta herrigiro ederra dugu, eta aukerak eman behar dizkiegu herritarrei. Horregatik, guk gauzak egiteko modu partehartzaile bat sustatuko dugu, zuek guztiokin egin nahi duguna", gaineratu zuen. 

Gipuzkoara begirako keinua

Nerea Kortajarena EH Bilduko legebiltzarkideak ere hartu zuen hitza atzokoan. Kanpaina "berezia eta polita" izaten ari dela azaldu zuen Kortajarenak, jendearengan "aldaketarako gogoa" ikusten baita. "Auzolana eta jendearen konpromisoa" nabarmendu zituen donostiarrak, eta "eskerrak" eman zizkien guztiei. 

"Esku-eskura" dagoen etorkizun baten "hasiera besterik ez" dela azaldu zuen Kortajarenak, eta horren aurrean, batzuk "urduri" daudela. "Badakite geldiezina izango dela aldaketaren olatu hau, baina gu oso lasai gaude, gauzak ondo egin izanaren konfiantzarekin", nabarmendu zuen.

Zumaiari keinu zuzena eginez amaitu zuen hitzartzea: "Begiratu itsasaldera, ezkerreko olatua badatorrelako eta geldiezina delako, haizea gure alde dugu, eta lemazain onenak ditugu. Trainerua prest dugu eta eskifaia onena dugu, eman gogor arraunari eta igandean bandera etxera!".