Helene Alberdi: "Hawaiiko Iron Manera sailkatzea ametsa da, baina amets errealista"

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 27a, 17:00
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea.

Distantzia luzeko probak ditu begiz jota Zumaiako bizilagun bilbotarrak aurtengo denboraldirako; bereziki, hilabete barru jokatuko duen Munduko Txapelketa, eta uztailean osatu nahi duen bere estreinako Iron Man proba. Esperientzia berri horiekin gozatzea du helburu.

Maiatzeko Baleike aldizkariko elkarrizketa webgunean irakur daiteke orain. 

Azken urteetako lorpen handiek jendaurrera eraman dute Helene Alberdi (Bilbo, 1991). Goizetik gauera egundoko oihartzuna hartu du bere izenak eta figurak, eta mediatikoa ere bihurtu da. Batik bat, iaz Bilbon Europako Txapelketa irabazi ondoren. Horrek esparru zabalago batean ikusgarritasuna eman badio ere, bere garaipena ez da ezerezetik sortu. Lan gogorraren eta isilaren fruitua da, baina hori ez da ikusten, bere iritziz. Izeberg batekin alderatzen du, gainera. Distiratsu daraman kirol ibilbideari erronka berriak bilatu nahi dizkio orain, distantzia luzeagoak probatu nahian; bere lehen Iron Man proba korrituz iron woman bihurtzeko, alegia.

Kirolari bat ez da hasieratik triatleta izaten. Igeriketa, txirrindularitza edo korrika praktikatu ondoren ekiten dio triatloiari. Nondik zatoz zu?

Igeriketan aritu nintzen 18 urtera arte, eta gero, ikasketak zirela medio, ezin izan nuen guztia behar bezala uztartu, eta igeriketa uztea erabaki nuen denboraldi batez. Bost urtez egon nintzen lehiatu gabe, eta ikasketak bideratu samar nituenean, triatloia probatzea erabaki nuen. Erabat atrapatu ninduen kirolak, eta gaur egun arte jarraitu dut buru-belarri. 2014an izango zen hori; beraz, bederatzi urte daramat honetan.

Noiz piztu zitzaizun hiru kirol batzen dituen diziplina horretara jauzi egiteko harra?

Betidanik deitu izan dit arreta triatloiak. Ni igerian aritzen nintzen, baina agian ez zen nire kirolik kutunena. Hori egiteko aukera neukan, eta aurrera! Triatloia begiz jota neukan arren, Bilbon ez neukan praktikatzeko aukerarik, ez nuen triatloia lantzen zuen jenderik ezagutzen, ezta baliabiderik ere. Gustatuko litzaidaken zerbait bezala ikusten nuen, baina egitea lortuko ez nuena. Korrika betidanik egin dut, eta bizikletaz irteten nintzen Zumaian nire anaiarekin eta aitarekin. Garai hartan Donostiako Yepa! taldekoak ezagutu nituen, eta haien bitartez Ainhoa Murua ezagutu nuen, nire entrenatzailea dena. Horrela hasi zen guztia.

24 urterekin badirudi berandu dela triatloiari heltzeko.

Bai, hala da. Edonola ere, gaur egun distantzia luzean lehiatzen den jendea 30-40 urte artekoa da. Erresistentzia handiko kirolean dabiltzanak eskarmentu handikoak dira, baina, egia esan, kirol berri bat lantzen hasi nahi baduzu, hobe da lehenago ematea pausoa. Niri dagokidanez, esan behar dut ez nintzela ezerezetik hasi. Oinarri bat baneukan: igeriketa. Onartu behar dut bizikletarekin hasi beharra izan nuela, baina ez zen hutsetik hastea bezala izan.

Eta oso epe laburrera emaitzak lortzen hasi zinen. Horrek harritu egin al zintuen?

Triatloian hasi nintzen lehen unetik oso serio ekin nion. Agian, ni neu horrelakoa naizelako edo ezagutu nuen jendeak horretara bideratu ninduelako, baina oso serio heldu nion honi. Igeriketako oinarria edukita, probetako lehen zatian aurrealdean ateratzen nintzen, eta entrenamenduak eginez, pixkanaka-pixkanaka erregional mailan nabarmentzen hasi nintzen. Horrek, nolabait ere, gehiago harrapatzen zaitu. Konturatzen zara ongi moldatzen zarela, eta hobetzeko grina sortzen zaizu. Gero eta gehiago gustatzen zaizu, jende gehiago ezagutzen duzu eta bete-betean murgiltzen zara triatloiaren munduan. Esango nuke nire ibilbidean ez dudala jauzi nabarmenik egin, baizik eta urtetik urtera hobetzen joan naizela.

Konstantzia izan da gakoa, beraz.

Nire kasuan, hala izan da. Ez da egon urterik hobetu ez dudanik, ezta sekulako saltorik eman dudanik ere. Kanpotik ikusita, agian jarraitzen ez nauenak pentsa dezake bat-batean Espainiako txapeldun geratu naizela, eta hori ez da horrela. Urtez urte hobetzen joan naiz lortu ditudan emaitzak eskuratzeko. Inurri lana izan da erabat.

Azken bi denboraldiak benetan itzelak izan dira lorpenei dagokienez, orain bi urte Espainiako txapeldun eta iaz Europakoa izan baitzara. Esan daiteke iazkoa izan dela orain arteko zure urterik gorenena, ezta?

Iaz beste koska bat gehiago egin nuen gora nire eboluzioan, eta egia da kanpora begira dagoen ikusgarritasuna oso ezberdina dela. Iaz Bilbon Europako txapeldun izateak ekarri zuen oihartzuna sekulakoa izan zen: Athleticek deitu zidan San Mames zelaian aitortza egiteko, telebista ere etorri zitzaidan... Nolabait esateko, alderdi horretatik egon da aldaketa: ezezaguna izatetik, jendeak ezagutzera pasatu naiz. Baina nire kirol mailari dagokionez, ez da egon horren aldaketa handia.

Baina lorpen handiak dira: Espainiako txapeldun duela bi urte, eta iaz Europako txapeldun eta penintsulako proba beteranoenetako bat den Zarauzko Triatloiko irabazle, besteak beste. Titulu horiek triatloiko izen handi horien pare jartzen zaituzte jada.

Emaitza horiek oso garrantzitsuak izan dira niretzat, eta, esan bezala, oihartzun handia izan dute. Agian, kanpora begira, beste maila batean jarri naute. Edonola ere, 2018an bigarren sailkatu nintzen Zarauzko Triatloian, eta hortxe nenbilen, baina agian ez zen ikusten egiten ari nintzen lana. Nik, ordea, jakin banekien hor nengoela, maila horietan lehiatzeko gertu. Azkenean, irabazteak beste ikusgarritasun bat ematen dizu, orain arte eduki ez dudana.

Hori presioa al da aurtengo denboraldirako? Erantzukizun gehiago suposatzen al dizu hemendik aurrerako probetan?

Neurri batean, bai. Nahiko nuke hala izango ez balitz, baina askotan ezinezkoa da hori saihestea. Dena dela, aurten parte hartu asmo dudan probak berriak izango dira niretzat, eta, beraz, hasiberri baten moduan lehiatuko naiz horietan. Hain zuzen ere, lehen aldiz ariko naiz Munduko Txapelketa batean eta, gainera, distantzia luzean. Presioa izango dut, bai, baina zer exijitu behar diot bada nire buruari? Bestalde, uztailean segur aski nire lehen Iron Man proba egingo dut, eta gauza bera gertatzen zait: aurretik ez dut distantzia hori osatu. Aurtengo denboraldirako egin dugun estrategia aldaketa hori izan da, gauza berriak probatzea. Zarautzen segur aski presioa izango dut titulua defendatu beharko dudalako, baina gainerakoetan esperientziaz gozatzera joango naiz.

Helburu dezente zehaztu dituzu. Goazen banaka xehatzera: Munduko Txapelketa.

Maiatzaren 7an izango da Eivissan (Herrialde Katalanak), eta distantzia luzeko proba izango da; alegia, hiru kilometro igerian, 120 kilometro bizikletan eta 30 kilometro korrika. Izango da half eta Iron Man proben artekoa, eta distantzia luzeari dagozkion zenbateko ofizialak horiek dira. Distantzia horretan izan nintzen Espainiako txapeldun 2019an, baina hortik gorako probarik ez dut korritu orain arte. Ezta Munduko Txapelketa bat ere!

Pronostikorik egin al daiteke?

Parte hartuko dutenen zerrendak asko baldintzatzen du horretan; hau da, zein triatletek parte hartuko duten. Orduan, ezin jakin zerrenda ikusi arte. Izan ere, horren arabera Top10 egin dezaket, edo auskalo! Asteburu horretan beste txapelketa batzuk ere iragarrita daude, eta askotan batzuek nahiago dute, adibidez, Australiako Iron Mana irabazi Munduko Txapelketan hamargarren geratu baino. Lehiakide nortzuk izango ditudan ez dakidanez, zaila egiten zait pronostiko bat egitea.

Iron Man batean parte hartzea ere buruan duzu.

Bai, hori uztailean izango da, eta tartean, Zarautzen lehiatuko naiz, baita Iruñean eta Donostiako Onditzen ere. Segur aski Gasteizko Iron Mana egingo dut. Aurten pro kategoria egongo da emakumezkoetan, eta bertan bi postu egongo dira jokoan Hawaiiko Iron Manerako. Beraz, ikusiko dugu nola ateratzen zaizkidan gauzak! Distantzia hau aspalditik egiteko gogoa daukat, ia-ia triatloian hasi nintzenetik, baina gauza bat zela eta bestea zela, atzeratzen joan da. Aurten, iruditu zait une egokia izan zitekeela probatzeko, eta nire prestaketa lana horretara begira egokitu dut.

Iron Man proba bati aurre egiteko ezinbestekoa da triatloian zailduta egotea, eskarmentu handia izatea. Beharbada, momentu egokian iritsiko zara.

Nire ustez, bai, eta espero dut ibilbide oparoa edukitzea distantzia horretan. Euskal Herrian, adibidez, Gurutze Frades dugu erreferente Iron Man probetan; ni baino hamar urte gehiago ditu, eta une honetan hor dabil, punta-puntan. Nik ez dakit hemendik hamar urtera non egongo naizen, baina horrek erakusten dit tarte luzea daukadala goi maila horretara iritsi ahal izateko. Horretarako, zailduta egon behar duzu, entrenamenduetan bolumen handia sartuta, baina baita mentalki ongi prestatuta ere. Azkenean, ordu asko eskaintzen diozu kirolari, eta indartsu egon behar duzu buruz erronkari aurre egiteko. Gazteagoa zarenean beste modu batera eramaten duzu, baina iruditzen zait adinarekin hobeto jakiten dela kudeatzen hori guztia.

Eta Kona zer da: helburua ala ametsa?

Ametsa da, zalantzarik gabe. Hawaiiko Iron Manera sailkatzea hitz potoloak dira. Amets bat da, baina amets errealista dela esan daiteke. Helburu bezala jartzea presio gehiegi jartzea litzateke neure buruari, baina ez zait iruditzen ezinezkoa. Aurten aurreneko parte hartzea izanik, gauza asko egin beharko nituzke ondo, baina hemendik urte batzuetara han egon nahiko nuke.

Prestaketa lana ere gogortu egingo zenuen. Nola egituratu duzu denboraldia alderdi horretatik?

Neguan ordu gehiago eskaini diot; aurreko urteetatik hona egin dudan aldaketarik nabarmenena hori izan da. Entrenamendu motak antzerakoak izan dira, baina oro har, luzeagoak eta bolumen gehiagokoak. Normalean oinarria bertsua izaten da, eta epe hauetatik aurrera hasten gara zertxobait aldatzen, proben datak gerturatzen joan ahala.

Emakumea, ama eta langilea zara, medikua. Nola moldatzen zara?

Ahal dudan moduan. Ez da erraza, egia esan. Nik gustuko dudana egiten jarraitzen dut emaitzek laguntzen didatelako, eta triatloiak asko betetzen nauelako, bestela ez luke zentzurik edukiko. Lortutako emaitzek konpentsatzen dute atzean dagoen lan guztia; ez nirea bakarrik, baita nire ingurukoena ere. Aurrera jarraitzen dugu gauzak bide onetik doazelako. Bestela, kirola egiten jarraituko nukeen, hori ziur, baina ez maila honetan. Honek exijitzen duen sakrifizioa eta lana egundokoa da, eta ez niretzat bakarrik, gertukoentzat ere bai. Agian, beraiek ez dute entrenatu behar, baina beraien planak nirera egokitzen dira, eta horrela luzaro aritzea ez da samurra. Jakina, gero emaitzak lortzen direnean, guztiontzako da saria.

Espainiako txapeldun, Europako txapeldun, batean irabazi eta bestean ere podiumera igo... Zure jarduna, ordea, ez da profesionala.

Hori da. Hemen ikusten dena izotz-mendiaren punta da: "Irabazi egin du, ze ondo dabilen, txapelduna da...". Egunero-egunero ikusten nauenak, batetik bestera entrenatzen –demagun igandean 07:00etan fokua jarrita bizikletarekin errepidera irteten, egiten duen hotzarekin–, badaki zertaz ari naizen. Ordu horretan nik ere nahiago nuke etxean geratu goxo-goxo, eta beste plan batzuk egin nire semearekin. Niri ere gustatuko litzaidake lagunekin bazkaltzera joan. Nik ere nahi ditut gauza horiek guztiak egin, baina dena ezin da. Beraz, sakrifizio handiak egin behar dira merezi duen hori lortzeko. Dena dela, guztia ez da irudikatzen den bezain polita.

Duela bederatzi urte hasitako talde berean jarraitzen duzu. Baina horrelako lorpen handien ondoren, izan al duzu eskaintzarik?

Egia esan, azken urte hauetako emaitza onei esker, interesa azaldu duten taldeak etorri zaizkit. Nire egoera, ordea, berezia da. Talde batean egoteak erraztasunak ematen dizkizu, baina, era berean, konpromiso batzuk ere bai. Nik une honetan ezin diet konpromiso horiei erantzun; hau da, ez dakit nora kontzentrazioa egitera joan eta abar.... Ezinezkoa zait hori. Nahiago dut nire erritmora ibili, nire egutegia zehaztu etxekoekin adostuta. Polita izango litzateke talde potente batean aritzea, baina asko baloratzen dut hasi nintzen jendearekin jarraitzea. Oso giro ona daukagu, eta, gainera, nire kasa aritzeko askatasuna ematen didate.

Hasi zinen jende horien artean dago Ainhoa Murua, zure entrenatzailea. Zer eman dizu kirolari bezala?

Azken finean, dena eman dit Ainhoak. Berak hutsetik hartu ninduen, eta nire ibilbide guztian hor egon da. Nire garapena berak bideratu du. Nire triatloi ibilbidea ezin da ulertu Ainhoa gabe. Hasiera-hasieratik alboan izan dudan pertsona izan da, eta ikasi dudan guztia eta ikasten jarraitzen dudana berari zor diot. Sekulako zortea izan dut halako irakasle bat ondoan izateagatik. Gainera, emakumea eta ama izanda, asko lagundu ninduen prozesu horretan; ni baino hiru urte lehenago izan zuen umea, eta beraz, nork ulertuko ninduen hark baino hobeto! Haurdunaldia, erditze ostea eta amatasuna... Zorte handia izan dut berarekin.

Zaila izango da behin ama izan eta goi mailan lehiatzen jarraitu ahal izatea, ezta?

Ez da erraza. Neuk, egia esan, ez nuen gehiegi pentsatu. Ez neukan goi mailan lehiatzeko helbururik jarrita, nahikoa neukan umearekin eta egoera berrira egokitzearekin. Fisikoki nahiko haurdunaldi ona eduki nuen: azken unera arte aktibo egoteko aukera izan nuen, eta erditze ostea ere nahiko ona izan zen. Haurdunaldian pisu asko hartu baldin banuen ere, berehala bota nuen guztia, kirola egiten hasi nintzelako pixkanaka-pixkanaka. Gero eta hobeto sentitzen nintzela ikusi nuenez, lehiatzera itzuli nintzen. Emaitzak lagun nituela eta, gauza batek bestea ekarri zuen.

Arantzarik ba al duzu? Munduko zirkuituan lehiatzea edo Olinpiar Jokoak, akaso?

Askotan pentsatu izan dut 18 urterekin –igeriketa utzi nuenean– triatloia probatu izan banu, non egongo ote nintzatekeen gaur egun. Baina pozik nago egin dudan ibilbidearekin, eta dut inolako arantzarik. Baina, atzera begirako hori egin izan dut eta, beharbada, lehenago hasi banintz triatloia praktikatzen egun utzita edukiko nukeen edo nazkatuta egongo nintzatekeen. Ezin dugu jakin zein izango zatekeen egoera. Orokorrean, pozik nago egiten ari naizen ibilbidearekin, eta beti eramango dut nirekin; orain, helburu berrien bila noa.