Kaleko pintura lehiaketako lanak bihar arte izango dira ikusgai

Maria Maya Manterola 2023ko mai. 27a, 09:00
Argazkia: Maria Maya Manterola.

Oxford aretoan ikus daitezke joan den asteko kaleko pintura lehiaketan aurkeztutako lan guztiak. 

Joan zen igandean herriko kale eta txokoak hartu zituzten margolariek. Izan ere, kaleko pintura lehiaketa aitzakia hartuta, Zumaiako hainbat txoko trazatu zituzten mihise gainean hainbat margolarik. Helduen kategorian hamalau lan aurkeztu zituzten guztira, eta 16 urtez azpikoenean, bat gehiago.

Rikardo Azkargortak eskuratu zuen lehen saria, Jose Mari Iruretagoyenak bigarrena, eta Alipio Ruanok hirugarrena. Zumaiarren artean, berriz, Joxe Etxabe nagusitu zen, Inpernupeko itsasertza margotuta.

Lan horiek guztiak nahiz lehiaketara aurkeztutakoak ikusgai dira joan den asteaz geroztik Alondegiko Oxford aretoan. Gaur eta bihar ikusi ahal izango dira, 12:30-14:00 eta 18:30-20:30ak bitartean.