Aholkularitza bulegoa jarri dute abian Etxape zentroan

Aritz Mutiozabal 2023ko mai. 23a, 10:30
Etxape Zentro Sozialistako aholkularitza bulegoa (Etxape)

Hileko lehen astelehenetan egongo da zabalik, goizez eta arratsaldez, baina kontsulta telefonoz edo posta elektronikoz ere egin ahal izango da.

Urola Kostako Kontseilu Sozialistak aholkularitza bulegoa ireki du Zumaiako Etxape Zentro Sozialistan. Laneko Autodefentsa Sarearen eskutik jarri dute martxan, lanari lotutako zalantzak edota arazoak dituzten herritarrei laguntza emateko asmoz. Hasierako helburua hori bada ere, aurrera begira bestelako gai batzuen inguruan ere aholkularitza emateko baliagarria den "proiektua" izatea nahi dute.

Hileko lehen astelehenetan zabalduko dute bulegoa, goizez nahiz arratsaldez; hau da, 11:00etik 13:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Egun eta ordu horietan bertaratu ezin dutenek 622 21 85 25 telefono zenbakira deitu dezakete edo las.urolakosta@gmail.com posta elektronikora idatzi.

Bulegoa fisikoki Zumaian kokatuta badago ere, aholkularitza zerbitzua eskualde mailan antolatuta egongo dela nabarmendu dute. Alegia, Urola Kostako herritarren beharrei erantzun nahiko lioke.