Udal eta foru hauteskundeak 2023

"Ezin dugu utzi beste lau urtez EH Bilduk gobernatzea"

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 20a, 09:00
Zumaiako EAJko hautagaiak alderdiaren hauteskunde programaren aurkezteko ekitaldian. (Jabi Gonzalez Toston)

Hauteskunde programa aurkeztu du Zumaiako EAJak etxebizitza arazoan  azpimarra jarrita. Halaber, kiroldegia azpiegiturak berritzeko eta Beheko plaza eta Erkibe eraikina birgaitzeko proiektuak aurkeztu dituzte, besteak beste.

Zumaiako EAJk udal hauteskundeei begira garatu duen programa xehatu zuen ostegun herritarren aurrean. Alderdiak aurkeztu duen zerrendako lehen zazpi hautagaiek azaldu zituzten eta proposamen nagusiak.

Etxebizita

Joxemi Antia alkategaiak etxebizitzaren arloan jarri zuten azpimarra berezia, bere esanetan, "azken 16 urteetan" ez delako sustapen publikoko etxebizitzarik egin. EH Bilduri egotzi zion horren ardura Antiak, "16 urte horietatik 12tan" koalizio abertzalea egon delako agintean. Kontrara, alkategaiak nabarmendu zuen 1991tik 2007ra EAJak agindu zuen urteetan "ehunka" etxebizitza eraiki zituztela herrian. Hori horrela, boto eskaera argia egin zien bertaratuei: "Ezin dugu utzi beste lau urtez EH Bilduk gobernatzea".

Halaber, Antiak gogor kritikatu zuen gaur egun futbol zelaian dagoen tokian etxebizitzak eraikitzeko egungo Udal Gobernuak egin duen proposamena: "165 etxebizitza egin nahi dituzte eta astakeria da hori sekulako dorreak eraiki beharko liratekeelako. Gainera, hektareako 60 etxebizitza eraikitzea gomendatzen dute adituek". Hala, Zumaian dagoen etxebizitza arazoari konponbidea emateko Puntanoetako eta Basustako herri-lurrak baliatu nahi dituzte jeltzaleek.

Kirol azpiegiturak

Herriko kirol azpiegiturak hobetzeko dituen proposamenen berri ere eman zuen EAJk. Ander Olaizolak hartu zuen horretarako ardura eta kiroldegia berritzeko eta Aita Marirantz zabaltzeko garatu duten plana azaldu zuen, eraikina "txiki" geratu dela argudiatuta. Zentzu horretan, aipatu zuen Pulpo eskubaloi klubak bere taldeen jarduerak aurrera eramateko zailtasunak dituela, eta, horregatik, bigarren kantxa eraikiko dutela egun igerilekua dagoen tokian.

Edonola ere, Zumaia ez litzateke igerileku gabe geratuko bederatzi kalekoa egingo baitute tenis pistaren gainean. Horrez gain, baita Gimnasia gelak ere egingo dituzte. Futbol zelaia, berriz, Puntanoetako lursailetara eraman nahi dute Eusko Jaurlaritzarein hitzarmena sinatuta. Halaber, Itsas Kiroldegia handitzeko proiektua ere badute, eta ludoteka Erkibe etxera lekualdatuta egingo lukete.

Udal eraikinak

Elene Lazkano, berriz, Beheko plazako eremurako dituzten asmoez aritu zen; izan ere, hainbat eraikin birgaitzeko proiektu integrala garatu dute. Tartean, aipatutako Erkibe etxea eta beheko plaza zentroa. Hari beretik, udal jabetzakoak diren beste eraikin batzuen erabilera ere berraztertuko dute. Kofradiako eraikinean jarri zuen azpimarra berezia Iker Mardaras hautagaiak. Bere hitzetan "herriari itzuli behar zaio". Horretarako, bertan tokiko produktu lokalak saltzeko denda eta turismorako informazio gunea zabaltzeko proposamena egin dute dute jeltzaleek.

Garraioa eta politika berdeak

Herriko aparkalekuen inguruan ere hitz egin zuen Mardaresek; izan ere, alderdiak beharrezkoa ikusten du TAO sistema hobetzea. Bien bitartean, garraio publikoa sustatzeko beharra nabarmendu Xabier Odriozolak klima larrialdiari aurre egiteko estrategiaren barruan. Ildo beretik, auto elektrikoentzako karga puntuak ahalbidetu nahi dituzte eta berritu asmo dituzten kirol azpiegiturak energia autokontsumoa sustatzeko energia berriztagarriko iturriekin hornitu.

Gazteak eta berdintasuna

Horrez gain, gazteei zuzendutako proposamenak ere badituzte. Horien artean, 24 orduz zabalik egongo litzatekeen ikasgela. Zentzu horretan, Mireia Aranbarrik argudiatu zuen liburutegiko baino "ordutegi zabalagoa" duen eta asteburu nahiz jai egunetan zabalduko duen ikasteko gune bat beharrezkoa dela. Berditasunaren alorrean, berriz, Zumaiako mapa morea osatzeko asmoa du EAJk.