Udal eta foru hauteskundeak 2023

Iñaki Ostolaza: "Proiektuak martxan daude; sakontzeko unea da"

Maria Maya Manterola - Gorka Eizagirre 2023ko mai. 19a, 13:01

Ostolazak lau urte daramatza Zumaiako alkatetzan. Agintaldi honetako balorazio baikorra egin, eta datozenetako erronkez aritu da elkarrizketan. 

Herriko alkatea zara. Nola laburbilduko zenuke agintaldia?

Pandemiak baldintzatutako agintaldia izan da. Baina egia esan, balantze ona egiten dut oro har. Neurri batzuk proposatu genituen, eta horietako ia guztiak bete ditugu. 

Pandemiari dagokionez, halako egoera baten aurrean Zumaiak oso ondo erantzun zuen herri bezala. Udalak ere lidergoa hartu zuen pandemiako lehendabiziko neurriak martxan ipintzeko, eta horrez gain, jakin zuen herritik ateratako ekimen desberdinak bigarren lerrotik bultzatzen. Gustura nago egin dugun agintaldiarekin. 

Zer uste duzu eman diezaiokezula Zumaiako politikagintzari edo herriari, oro har?

Prozesu bat da. Duela lau urte alkategai aurkeztu nintzenean ez zen lehen aldia zerrenda batean nindoana, esperientzia baneukan, eta lau urte hauetan egin duguna da proiektuak eta ekimenak irudikatu eta martxan ipini. Bigarren agintaldia da proiektu horietan sakontzeko momentua. Hasitako lanari jarraipena ematea da orain lana. 

Enpresaria zara. Arlo horretan duzun esperientzia baliagarria zaizu politikagintzarako?

Nik uste dut baietz. Hogeita bost urte baino gehiago daramatzat enpresa kudeatzen, eta ikasi dut bezeroekin harremanak izaten, noiz gorde behar den eta, batik bat, proiektuak aurrera eramaten. Gaur lana egin behar da, biharko ogia lortu ahal izateko. Udalean ere hala da: eguneroko lanak badaude, egin beharrekoak, baina planifikatu egin behar da etorkizuna, eta horretarako garrantzitsua da esperientzia hori izatea. 

Esperientziadun jendearekin batera, gazteak uztartu dituzue zerrendan. Pozik zaude?

Oso pozik. Ez da erraza zerrenda bat osatzea, jendeari beldurra ematen diolako zerbaiten parte dela adierazteak. 

Bost zinegotzik jarraitzen dugu, eta esperientzia badaukagu politikagintzan eta udalgintzan. Jende gaztea erantsi dugu, herrigintzan esperientzia baduena. Gehien bat indarra, gaztetasuna eta ilusioa ematen digute. Gehitu den jende hori, gainera, herrigintzan aritua da, nahiz eta lotura zuzenik ez izan politikarekin. 

Zer egoeratan ikusten duzu herria?

Inkonformista naiz, eta beti ikusten ditut hobetzeko gauza pila bat. Lan txukuna egin dugu arlo askotan. Orokorrean etortzen den jendeak esaten digu herri polita eta txukuna dugula, baina nik kaletik noanean ikusten dut zer hobetua. Hori ona dela uste dut, Zumaia ez delako argazki bat, eta beti hobetzen joan behar duelako. 

Etxebizitzaren gaiari helduta, gazteek arazoak dituzte emantzipatzeko. Zer neurri proposatuko dituzue?

Azkenengo asteetan iragarri ditugu operazio garrantzitsu batzuk Zumaiaren etorkizunerako. Aspalditik blokeatuta zegoen Puntanoetako gaia, eta uste dut garrantzitsua izan dela agintaldi honetan hori desblokeatzea. 2007tik zegoen gaia geldirik, eta azkenean lortu dugu Jaurlaritzarekin adostasuna. Han lur batzuk zeuzkan.

Adostasun horrekin, bi eremu izango ditugu etxebizitzak eraikitzeko: batetik, 150 etxebizitza babestu alokairukoak; eta, beste aldean, beste hainbeste babestu eta libre. Horrek ematen dio buelta gaur egungo egoerari. Zaila da etxeak erostea, garesti daude, eta alokatzea ere bai. Epe ertainerako 180 etxebizitza alokairurako bideratzea mugarri bat dela esango nuke. 

Kirol instalazioak zaharkituta geratu dira. Zer proposamen duzue kiroldegirako eta futbol zelairako?

Etxebizitzako operazio honetan, Aita Mariko futbol zelaia Puntanoetara eramatea planteatu genuen. Mugimendu honekin 11 jokalariko futbol zelai bat egin dezakegu, eta zazpiko bat. Egia da 10.000 biztanleko herri baterako motz geratu direla kirol instalazioak. Etorkizunerako futbol taldeentzat irtenbide bat izan daiteke. 

Kiroldegian proiektu bat landu dugu, baina garatu beharra dago, behar berriei erantzuteko. Puntanoetako operazioarekin padel pistak ere mugi ditzakegu, eta horrek espazio bat libre uzten du. Dagoen kiroldegia birmoldatzea da gure apustua: orain sei kaleko igerilekua denari beste lau gehitu, eta horrez gain, geratzen den eremuan bigarren pista estalia egin. 

Pandemia aipatu duzu. Gogor kolpatu du Zumaia, eta gainera, geroz eta adineko gehiago dago. Plangintza berezirik egin duzue?

Zorionez geroz eta urte gehiagoz bizi gara, baina horrek arazoak sor ditzake. Zaintzaz ari naiz. Hemendik hamar, hogei edo hogeita hamar urtera hori gai garrantzitsua izango da, eta erronka horri erantzuteko prest egon behar dugu. 

Zaintza eredu hau iraultzea da gure erronka. Udalaren eta Aldundiaren eskumena da, baina lanketa orain hasi behar dugu egiten. Epe ertain edo luzeko lanketa bat da, eta hirigintza eta Gizarte Zerbitzuak ere sartzen dira hor. Zaintza eredu berri hori planifikatzen hasi behar dugu hurrengo agintaldian. 

Ekonomiak badu bere pisua herrian, eta zerbitzuak dira ardatzetako bat. Turismoaren masifiazioak kezka sortzen du, ordea. 

Turismo eredu oso argia daukagu: ez diogu ezetzik esaten, gu ere turistak baikara. Baina gure eredua turismo jasangarria da. Ez bakarrik ingurugiroari dagokionez, baita bertako jendearekin eta mugikortasunarekin ere. 

Geroz eta turismo gehiagoren eta deskontrolatuagoaren aldekoak ez gara, argi eta garbi. Turismoa Zumaiako ekonomiaren atal osagarria izan behar du, oinarri ekonomikoa industrian dagoelako. 

Badaukazue planik industria Zumaiara erakartzeko?

Puntanoetako gaia desblokeatzeaz gain, beste korapilo bat askatzeaz ere harro nagoela esan dezaket. Eta hori da Xey enpresa zegoen lursailarea. Hura geratuta zegoen, putzu ilun bat zen, eta dagoeneko garbi dago enpresa berriak jasotzeko. Horretarako udalak eta Jaurlaritzak lankidetza izan dugu, eta 45.000 metro karratu ditugu industria erakartzeko. Ez dut uste horrelako lursailik dagoenik Gipuzkoan. Horrek hauspoa emango dio emango ekonomiari. 

Ez dezagun ahaztu Zumaiako BPGaren % 40a industriatik datorrela, eta horrela jarraitzea nahi dugula. 

Merkataritza suspertzeko planik baduzue?

Merkataritzak inoiz jasotako laguntza handienak izan ditu agintaldi honetan. Esfortzu handi bat egin du ekonomikoa, eta hori bono kanpainetan bideratu dugu. Azken finean, ez da gure eskumena soilik, afera orokorra da, eta horrek baditu erantzule batzuk. Azken finean merkatal gune handiek eta Interneteko erosketek erakartzen dituzte bezeroak. Horiek egiten diete min handiena merkataritza txikiari. 

Baina saiatu gara bonen bidez, eta hor dago ErrotaHerria kanpaina, zumaiarrek Zumaian erostera bultzatzen. Beste ekimen batzuk ere egin ditugu. Orain onartu berri ditugu denda berriak ireki nahi dituztenentzat diru laguntzak alokairurako kuota batean. Pauso hori eman nahi duenak laguntzak edukitzea garrantzitsua da. 

Klima krisiaren inguruan zer ideia dauzkazue?

Legealdiaren hasieran Zumaiaren egoera energetikoari buruzko azterketa bat egin genuen. Horrek ondorioztatu zuen neurri ezberdinak atera hartu behar ditugula. Batzuk orokorrak dira eta gure eskumenetik kanpo daude; beste batzuk guk geuk hartu ditzakegu. Horietako bat da murrizketa. Ez soilik modu indibidualean, baizik eta instituzio bezala, udaletxetik hasita, energiaren kontsumoan. Argiteri publikoaren legea aldatuta, aurreko agintaldian pausoak ematen hasi ziren, eta honetan amaituko dugu LED argiak ezartzen. Horrek kontsumoa % 70a baino gehiago murriztea dakar.

Sorkuntzan, energia berriztagarriak ere hor daude. Zumaian sortutako kooperatiba energetikoak babesten ditugu. Egutera dirulaguntza baten zain dago martxan jartzeko. Piztu kooperatiba ere badugu, eta hainbat ekimen jarri dituzte martxan. Bien lana babestuko dugu. 

Alkate izango bazina datozen lau urteetan ere, nolako Zumaia irudikatuko zenuke?

Erronka horiei aurre egiten dien Zumaia. Gizarte justua bultzatzen duen herri bat, inor atzean uzten ez duena, horretarako Gizarte Zerbitzuetan pausoak emanda. Gustatuko litzaidake bizigarria den eta bizi daitekeen Zumaia bat. 

Etxebizitza eta lana edukitzea, eta kultur eta kirol eskaintzak ere bai. Horiek guztiek egiten dute Zumaia bizitzekoa eta bizigarria.