Udal eta foru hauteskundeak 2023

Udal hauteskundeetako Zumaiako mahai ingurua ikusgai dago

Jabi Gonzalez Toston 2023ko mai. 16a, 09:50

Ordu eta laurden inguru iraun du UKTk antolatutako saioak, eta Iñaki Ostolaza EH Bilduko alkategaiak, Josemi Antia EAJkoak eta Duñike Agirrezabalaga PSE-EEkoak hartu dute parte.

Maiatzaren 28ko udal hauteskundeetara Zumaian guztira aurkeztu dituzten lau zerrendetako hiru alkategaik hartu zuten parte Urolako Komunikazio Taldeak antolatuta atzo arratsaldean Oxford aretoan egin zuten mahai inguruan: Iñaki Ostolaza EH Bilduko zerrendaburuak, Josemi Antia EAJkoak eta Duñike Agirrezabalaga PSE-EEkoak, hain zuzen ere.

Juan Luis Romatet kazetariak gidatu zuen saioa eta hainbat gai izan zituzten ordu eta laurden pasatxoan: herriko etxebizitzen arazoa, ekonomia, klima larrialdia, udalarenak diren eraikin publikoen egoera... Eztabaidagai bakoitzerako alderdietako bakoitzak dituen proposamenak azaldu zituzten hautagaiek hitz egiteko txandak momentu oro zainduta eta elkar zapaldu gabe.

Amaieran, alkategaiei galdera zuzenak egiteko aukera zabaldu zieten Oxford aretora bertaratu ziren herritarrei eta bakarrak hartu zuen hitza. Zumaia Arroa Behearekin lotzeko bidegorriaren egoeraz galdetu zuen.