Trenzubiko lanek iraun bitartean ezingo dute ontziek azpitik igaro

Maria Maya Manterola 2023ko mai. 13a, 12:00
Argazkia: Juan Luis Romatet.

Apirilaren amaieratik Trenzubiaren egitura indartzeko eta birgaitzeko lanetan ari da Euskal Trenbide Sarea, eta haren azpiko nabigazioak ekar ditzakeen arriskuak saihesteko, debekatu egin dute azpitik igarotzea.

Joan den martxoan iragarri zituen ETSk Trenzubiko lanak. Haren egitura indartzeko eta birgaitzeko, 4,1 milioiko aurrekontua izango du obrak, eta urtebetean amaitzea espero dute. 

Lan horiek iraun bitartean, Trenzubiko nabigazioa galarazi diete ontziei. Larrialdi kasuetan jardun beharko luketen profesionalek soilik zeharkatu ahal izango dute. Iparraldeko buia kardinal batek eta hegoaldeko buia kardinal batek seinaleztatuko dute eremua, pasabidea murriztuta dagoela adierazteko.

Oinezkoak, saihesbidetik

Trenzubi azpitik oinez eta bizikletaz pasatzea ere debekatu dute. Beheko argazkian ikus daiteke udalak proposaturiko saihesbidea: