Hazilan laneratze programaren amaierako ekitaldia hartu du gaur Alondegiak

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 11a, 15:20
Alondegian egin da Hazilan programaren amaierako ekitaldia. (Juan Luis Romatet)

Hazilan laneratze programa sortu zutenekin hona egindako bidearen balorazioa egin dute gaur Zumaiako Alondegian egindak ekitaldian. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tokiko garapen agentzietako kideek hartu dute parte programaren itxierako ekitaldi honetan. 

Orain zazpi urte, 2016. urtean, sortu zuten Hazilan programa Garapen elkarteak eta tokiko hogei bat garapen agentziek. Proiektu horren helburua Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako gazteak laneratzen laguntzea zen, enpresen eskaerei erantzunez, garapen ekonomikoa sustatzeko tresna gisa. Programa honek emandakoaren balorazioa egin dute gaur, Urola Kostako Udal Elkarteak antolatuta, Alondegiko Oxford aretoan egindako ekitaldian. Hiru lurraldetako garapen agentzietako kideak izan dira bertan, baita Juan Alberdik, Eusko Jaurlaritzako Kohesio Politikaren eta Europako Funtsen zuzendariak ere.

Proiektuari hasiera eman zioten unean, krisialdiak lan merkatuan sartu nahi zuten gazteak gogor kolpatzen zituela izan dute gogoan. Izan ere, 2014ko datuen arabera, langabetuen 22,8a 25 eta 35 urte bitarteko gazteak ziren. Hazilanen 20 eta 44 urte bitarteko 2.142 gaztek parte hartu dutela gogoratu dute. Programaren hasierako helburuetako bat emakumeen lan egoera hobetzea zela ere azpimarratu dute. "2016an hamar langabetik sei emakumeak ziren. Hazilneko parte hartzaileen %63 emakumeak izan dira". Emaitzei dagokionez, programatik igarotako 1.500 gazte inguruk lortu dute lana, ekitaldian nabarmendu dutenez: "Hazilan programari esker laneratutako pertsonen %85 langabeak ziren eta %8 atzerritarrak". 

Proiektuari itxiera ematen dioten une honetan, ekitaldian azaldu dute Hazilanen gazteek "laneratzeko gaitasun pertsonalak eta profesionalak garatzeko" zerbitzuak baliatu dituztela. "Orientazioa eta mentoringa, ikasteko egonaldiak enpresetan, prestakuntza espezializatua eta prestakuntza teknikoa", azpimarratu dute.  

Programa honek jarraipena izango duela ere iragarri dute, Hazilan + izenarekin. "Hazilan programak gazte kualifikatuak laneratzeko lankidetzan esku hartzeko eredu arrakastatsua dela erakutsi du. Programa Euskal Herriko agentzietan finkatu da eta datozen 7 urteetan ere inplementatzen jarraituko da Hazilan+ programaren bidez".