Elikagai Bankurako bilketa egingo da asteburuan Zumaian

Juan Luis Romatet 2023ko mai. 11a, 11:00
Janari bilketako artxiboko irudia. (Sara Utrera)

Gipuzkoako Elikagai Bankurako bilketa egingo da asteburu honetan Zumaian. Ostiralean eta larunbatean eman ahal izango dira produktuak herriko supermerkatu batzuetan. Bono bidez laguntzeko aukera ere izango da.

Janari bilketa egingo da asteburu honetan Zumaian. Bihar eta etzi egingo da, ostiralez eta larunbatez, herriko supermerkatu batzuetan, eta bildutako produktuak Gipuzkoako Elikagai Bankura bideratuko dira. 

Elikagaiak eta bestelako produktuak erosi eta emanaz hartu daiteke parte kanpaina honetan, baita bonoak erosiz. Hala, bilketa Alaiko, Ardantzabideko eta Foruen plazako Eroski supermerkatuetan, eta Ardantzabideko BM supermerkatuan egingo da, goizeko 9:00etatik iluntzeko 9:00etara bitartean. Foruen plazako Eroskin izan ezik (hor bonoen bidez lagundu ahal izango da), beste hiruretan produktuen eta bonoen bidez lagundu ahal izango da.

Kontserbak, lekaleak, azukrea, esnea, pasta, arroza, opilak, hirina edota olioa eman ahal izango da, baita 5 eta 6 neurrietako fardelak ere.