Udal eta foru hauteskundeak 2023

"Hasitako lanarekin jarraitzeko" maiatzaren 28an gehiengo osoa behar duela azpimarratu du EH Bilduk

Onintza Lete Arrieta 2023ko mai. 6a, 17:00

Saregileen plazan egin dute agerraldia gaur eguerdian EH Bilduren hautes zerrendako lehenengo hirurek: Iñaki Ostolaza zerrendaburuak, Argi Yereguik eta Aitor Manterolak. Azken horrek galderak egin dizkie beste biei, eta ekitaldia amaitu denean mokadua egon da gerturatu direnentzat.

EH Bilduk ekitaldia egin du gaur eguerdian Saregileen plazan, zerrendako aurreneko bi hautagaiekin maiatzaren 28ko udal hauteskundeez hitz egiteko eta, batez ere, EH Bilduk gobernatzeko duen ereduaz aritzeko. Horrez gain, beste bi ideia azpimarratu dituzte ekitaldian: agintaldi bakarra ez dela nahikoa proiektuak garatzeko eta herri eredu bat finkatzeko, eta EH Bilduk agintean jarraitzeko maiatzaren 28an gehiengo osoa behar duela eta, horretarako, berebizikoa dela herritar guztiak joatea bozkatzera.

Zerrendako hirugarrenak, Aitor Manterola kazetariak, gidatu du solasaldia, Iñaki Ostolaza alkategaiari eta Argi Yeregui zerrendako bigarrenari galderak eginez.

EH Bilduren gobernatzeko ereduari dagokionez, Ostolazak esan du "udala herri mailara jaistea" dela koalizioaren eredua, eta hori "bultzatu" dutela azken lau urteetan udalean. "Proiektuak aurrera eraman ditugu, baina eragileekin batera. Oposizioan egon ginenean oposizio eraikitzailea egin genuen, eta udalean egon garenean ere proposamenetan zentratu gara, lokatzetan ibiltzea ez baitugu gustuko".

Agintaldiaren errepaso txikia egin dute, eta Manterolak lorpen handienez galdetu dionean, Ostolazak argi erantzun du: "Puntanuetaren eta Xey-ren egoerak desblokeatzea izan da gure lorpen handiena, agintaldi hasieran bi gai horiek oso trabatuta zeudelako. Korapiloa askatzea lortu dugu. Ez dira oso gai ikusgarriak, baina bai oso-oso inportanteak, guk hemen bizi eta hemen lan egin nahi dugulako".

Yereguik, berriz, gai zehatzez hitz egin du: gazteez eta etxebizitzez, industriaz eta merkataritzaz, euskaraz eta kirolaz... Eta baita pertsona zaurgarrienez ere. "Herri batek ezin du aurrera egin pertsona zaurgarrienak albo batera utzita". Zentzu horretan, zaintzaz aritu da hizketan, baita haurtzaroaz ere. "Biztanleria zahartzen ari da, eta lortu behar dugu adinekoen autonomia ahalik luzaroen mantentzea". Hiri osasungarriaren ideiarekin lotu du hori, "herriaren formak, toki fisikoek, asko muga ditzaketelako pertsona zaurgarrienen bizitzak, eta hiri osasungarriak lortzeko, nahitaez umeengan eta adinekoengan jarri behar delako arreta".

Etxebizitzaren gaiari dagokionez, Yereguik esan du gazteek aukera izan behar dutela herrian bai etxea erosteko, bai alokairuan bizitzeko, eta horretarako, alokairua sustatu behar dela eta etxe hutsak alokairuan jarri beharra dagoela nabarmendu du.