Udal eta foru hauteskundeak 2023

Udal hauteskundeen lanketa berezia egingo du Baleikek datozen asteetan

Erredakzioa 2023ko mai. 5a, 09:00

Maiatzaren 28ko udal eta foru bozen harira, hainbat egitasmo egingo ditu Baleikek. Alkategaien mahai ingurua izango da maiatzaren 15ean; Iñaki Ostolaza EH Bilduren, Josemi Antia EAJren eta Duñike Agirrezabalaga PSE-EEren zerrendaburuek parte hartuko dute saioan. Horrez gain, hiru alkategai horien elkarrizketak ez ezik, elkarrizketa digitalak ere eskainiko ditu Baleikek. Bozen egunean jarraipen berezia egingo du hedabideak, eta biharamunean egunkari berezia kaleratuko du Urola Kostako Hitzak.

Baleikek hauteskundeei buruzko lanketa berezia egingo du datozen asteetan. Maiatzaren 28an izango dira udal eta foru bozak, eta horien atarian hainbat egitasmo egingo ditu. Gainera, hauteskunde egunean eta gauean horien jarraipena egingo du, eta biharamunean ere eskainiko du bozen gaineko informazioa Zumaiako hedabideak.

Azken urteetako legez, alkategaien mahai ingurua izango da Zumaian. Iñaki Ostolaza EH Bilduren, Josemi Antia EAJren eta Duñike Agirrezabalaga PSE-EEren zerrendaburuak aurrez aurre ariko dira hizketan maiatzaren 15ean, astelehenez, Oxford aretoan (19:00). Moderatzaile lanetan Juan Luis Romatet arituko da. Herritarrentzako irekia izango da saioa, eta gainera, Baleike.eus-en eta Erlo Telebistan zuzenean ikusi ahal izango da.

Hauteskundeen atarian herriko alkategaiei elkarrizketak egingo dizkie Baleikek. Hain zuzen ere, EH Bilduren alkategaiaren, EAJren alkategaiaren eta PSE-EEren alkategaiaren solasaldiak kaleratuko dituzte Urola Kostako Hitzak eta Baleikek maiatzaren 19an, bideoz nahiz idatziz.

Aste horretan bertan, gainera, Ostolazari, Antiari eta Agirrezabagalari galderak bidaltzeko parada izango dute herritarrek. Izan ere, Zumaiako hiru alkategaiak Baleikeren egoitzan izango dira herritarrek egindako galderak erantzuten. Elkarrizketa digitalak direnez, Baleikek hitzorduak baino egun batzuk lehenago zabalduko du hautagaiei galderak bidaltzeko epea; aurrerago emango ditu hedabideak xehetasunak.

Hauteskunde eguna eta biharamuna

Hauteskundeen egunean eta gauean jarraipen berezia egingo du Baleikek webgunean. Hain zuzen ere, argazki bildumak, bideoak, parte hartze datuak eta abar eskainiko ditu Zumaiako hedabideak egun osoan zehar webgunean. Gainera, gauean zuzenean eskainiko ditu herriko emaitzak Baleike.eus-en, baita alderdien eta alkategaien lehen erreakzioak ere.

Biharamunean bozei eskainitako egunkari berezia kaleratuko du Urola Kostako Hitzak, eta egun horretan ere foru bozen emaitzak zein bestelako hainbat eduki eskainiko ditu Baleikek.