Santelmoetan gertatutako erasoak salatzeko protestara deitu du Mugimendu Feministak

Maria Maya Manterola 2023ko api. 24a, 19:33
Santelmoetako lehen larunbateko mobilizazioko irudia. (Maria Maya Manterola)

Amaitu berri diren festetan gertatutako hiru erasoren berri izan du Zumaiako Mugimendu Feministak. Horiek gaitzesteko, elkarretaratzea izango da bihar, asteartea, 19:00etan Saregileen plazan.

Zumaiako Mugimendu Feministak oharra kaleratu du herriko festetan gertatutako erasoak salatzeko. Izan ere, beren hitzetan, "ez da lortu festak aske eta inongo erasorik gabe ospatzea": "Hiru erasoren berri izan dugu. Horietatik bi txosnagunean gertatu diren eraso sexistak izan dira, eta hirugarrena taberna batean gertatutako eraso homofoboa". Hiru horiek salatzeko elkarretaratzea izango da bihar, asteartea, Saregileen plazan.

Gogorarazi dute lehen ostiralean gizon bat kanporatu behar izan zutela txosnagunetik, nahiz eta "ozen eta argi" azaldu txosnaguneak espazio askea izan behar zuela. Beste bi erasoak igaro berri den asteburuko larunbatean gertatu ziren, Mugimendu Feministaren arabera. 

Azaldu dute bi gizonezkok emakume bati ukituak eta etengabeko irain lizunak egin zizkiotela, emakumeak bakean uzteko eta bertatik joateko behin eta berriz azpimarratu zien arren. Bi kasuotan txosnaguneko protokolo feminista aktibatu zen.

Bestalde, Saregileen plazan kokatutako karpa moreari esker jakin izan dute bi gizonezkok taberna batean jasandako eraso homofobo bat salatzera joan zirela. "Sí, mejor si os vais" eta "Maricones no!" bezalako irainak jasan zituzten.

Hiru eraso horiek Mugimendu Feministak jakin ahal izan dituenak dira, baina beste hainbat isilpean eta salaketarik gabe geratu direla ere nabarmendu dute. "Argi geratu da, beste behin, festak ez direla espazio aske eta erosoak izan bazterreko gorputzentzat, eta, beste behin, pertsona batzuk ez dituztela euren pribilegio eta jarrerak aztertu. Erasoak ez dira besterik gabe gertatzen, eta eraso guzti hauen atzean erasotzaileak daude", gaineratu dute.

Ardura eskatu dute beste behin ere igorritako oharrean: "Ardurarik hartu gabe jarraitzen duzue, aldamenekoa babesten, lagunen jarrerak txalotzen. Nazkatuta gaude, zuetaz eta zuen jarrerez. Aski da eta bada garaia gai honi dagokizuen ardurarekin jokatzeko!".