Itxasnek eta 'Rey'-k irabazi dute Itzurunen jokatutako zaldi lasterketa

Juan Luis Romatet 2023ko api. 23a, 16:14

Zaldi lasterketak jokatu dira gaur eguerdian Itzurun hondartzan. Hamabost parte hartzaile izan dira eta irabazlea iaz istripua izan zuen zalduna izan da. 

Zaldi lasterka ikusteko aukera izan da beste behin ere San Telmo jaien barruan. Eguerdi partean izan dira zaldi lasterketak Itzurun hondartzan. Eguraldi hezearekin eta noizean behin botatzen zituen euri tanten artean jokatu dira txandak eta amaierako finala.

Hamabost zaldunek, beste hainbat zaldirekin, hartu dute parte gaurko hitzorduan. Bosna parte hartzaileko hiru sailkatze txanda jokatu dira lehenbizi, eta txanda bakoitzeko lehen bi sailkatuak pasatu dira finalera; besteek kontsolazioko finala jokatu dute. Azken honetan Imanol izan da irabazlea –berak irabazi du, baita, gurdiarekin jokatutako lasterketa, Prince Dino zaldiarekin. 

Final handian, berriz, iaz Itzurunen istripua izan zuen Itxasne nagusitu da, Rey zaldiarekin. Istripua izan eta ordu gutxira deitu zuen iaz Itxasnek eta aurten irabaztera etorriko zela esan zien antolatzaileek. Esan eta egin. Bigarren Eneko sailkatu da Ceurs zaldiarekin –iazko irabazleak– eta hirugarren Xabin Krestot zaldiarekin.