Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Guztiz erreala ez den eredu batera bultzatzen gaituen estrategia ekonomikoa dira kotxe elektrikoak"

Victor Celada 2023ko mai. 1a, 00:00

Ruben Celadari elkarrizketa hau egitea erabaki dugu, herritarrek Zumaia 2050ean nola irudikatzen dute jakiteko, bereziki energiaren gaiari dagokionez.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2 kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?
Erregai fosilen kontsumoa murrizteaz gain, beste gai batzutan ere hartu behar dira neurriak, hala nola elikadura mailan, zenbait produkturen ekoizpenean eta gizarte sentsibilizazioan.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Norbanako bakoitzak uzten duen karbono-aztarnaz pixka bat gehiago jabetuta eta apurka-apurka, norbanakoz norbanako, gizarte osoak maila sozialean kontsumitutako energia kantitatea asko murrizteko gai izango litzateke.

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin?
Bai, guztiz.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Ez, uste dudalako azkenean bi ekosistemak eragingo lituzkeela.

Oso ondo eta azkenik, kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna CO2 gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Ez, ez, nire ustez guztiz erreala ez den eredu batera bultzatzen gaituen estrategia ekonomikoa delako, ez baitakigu benetan zer kalte ekologiko duen baterien kudeaketak eta produkzioak dakarten gai guztiek. Auto elektrikoa, azken finean, neurri handi batean ezagutzen ez dugun zerbait berria da eta ehuneko ehunean fidagarria ez dena.