Beste behin, emozioa nagusitu da bandera igoeran

Onintza Lete Arrieta 2023ko api. 17a, 08:23

San Telmo egunaren bezperan, urtero bezala, gauerdian egin dute zumaiarrek bandera igotzea kofradia parean danborradaren eta Musika Bandaren laguntzarekin. Aurten Jose Luis Doval marinel ohiak izan du ohore hori, eta iaz bezala, jendetza elkartu da momentu hori bizitzera.

Apirilak 17 ditu gaur, astelehena, San Telmo eguna. Egitarau oparoa dute zumaiarrek gaurko egun handian, baina atzokoa ere ez zen nolanahi festa eguna izan. Eguerdian haurren danborradak hartu zituen kaleak, eta gauean, berriz, helduenak. 22:15ean abiatu zen Danborrada Berezia, eta kalez kale ibili ondoren, San Telmo kalera urteroko bisita egin zuen. Erabateko isiltasunean iritsi, eta dotore jo zituzten piezak.

Une garrantzitsuena, ohi bezala, Erribera kalekoa izan zen, kofradiaren parekoa. Kofradia barruan ziren zain udal ordezkariak eta Arbustain Motor elkarteak aurten omendu duen marinel ohia: Jose Luis Doval. Txapel oroigarria jantzi, eta hark igo zuen bandera erlojuek gauerdia zela adierazitakoan. Kanpoan, jendetza, iaz bezala, momentu berezi hori bizitzeko gogotsu.

Emozio handiko momentuak izan ziren, baina bandera igo orduko, festa lehertu zen kalearen punta batetik bestalderaino.