Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Gure ohiturak aldatuz badago tarte bat energia kopurua murrizteko"

Lide Arrizabalaga 2023ko mai. 1a, 00:00

 2050ean Zumaia nolakoa izango den jakiteko hainbat elkarrizketa egin ditugu. Hemen daukazue Estibalitz Albizuri energiari buruz egindakoa.

Europan daukagun energia kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu?
Ez, ez zait bidezkoa iruditzen.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Dugun gizarte ereduan badago tarte handi bat energia kopurua murrizteko, gure ohiturak aldatuz: kotxea gutxiago erabili, garraio publikoa aprobetxatu eta etxeko gailuen (labea, garbigailua…) kontsumoa kontrolatu.

Herri bakoitzak bere energia sortu beharko luke, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea?
Herri denak ez dira berdinak eta batzuek, adibidez, ez dute gaitasun handia izango beraien energia sortu ahal izateko; beraz, kanpotik ekartzeko aukera egongo balitz ere ez nuke baztertuko.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan? 
Beharrezkoa izanez gero eta gure planetaren egoerari lagunduko balio eta energia alternatiboa erabiltzeko beharra baldin badago, prest egongo nintzateke.

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura?
Bai, agian ez dugu aukera gehiegi Zumaiatik beste edozein helmugatara iristeko, baina egia esan saiatzen gara ahal dugun gehiena erabiltzen eta aprobetxatzen.