Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Energiaren arazoa konpondu ahal izateko gauza asko ditugu egiteko"

Kai Manterola Lasarte 2023ko mai. 1a, 00:00

2050ean energia nolakoa izango den jakiteko hainbat elkarrizketa egin ditugu. Hemen daukazue Alex Manterolari egindakoa.

Zientzialariek diote iturri fosiletatik (petrolioa, ikatza, gasa) lortzen dugun energiak CO2a isurtzen duela atmosferara eta horregatik ari dela gertatzen klima aldaketa. Zer iritzi daukazu horren inguruan?
Arrazoia dutela uste dut. Gaur egun energia gehiena iturri fosiletatik lortzen da, iturri garbietatik oso gutxi lortzen da. Beraz, arrazoia dute eta oraindik gauza asko ditugu egiteko energiaren arazoa konpondu ahal izateko.

Zure ustez zer egin beharko litzateke aurrena, kontsumitzen dugun energia kopurua murriztu edo energia iturri garbiak erabili?
Biak eduki beharko genituzke kontuan, baina energia kopurua murriztea gaur egun  gure gizartean oso zaila da. Dena den, ahalegintxo bat egin beharko genuke guztiok eta energia iturri garbiak gehiago erabili. Gaur egun hasita gaude, baina asko falta zaigu, oraindik asko inbertitu behar da horretan. Hori lortu ahal izateko iturri garbiak ahalik eta gehienak izatea nahi da, baina oraindik asko falta da.

Etxean energia kontsumoa murrizteko neurririk hartu al duzue? (Adibidez: berogailua gutxiago piztea, etxea hobeto isolatzea (leihoak aldatuta edo fatxada berrituta), argia gutxiago piztea, kotxea gutxiago erabiltzea...)
Bai, beti kontuan hartzen ditugu. Berogailua azkenengo urteetan oso gutxi jartzen dugu, izan ere, klimak ez gaitu bultzatzen berogailuak jartzera. Leihoak eta fatxada berriak dira eta etxetresna elektriko bat izorratzen bada, beti saiatzen gara kontsumo gutxiko etxetresna elektrikoak erosten, led argiak jartzen… Denok hori egiten dugu.

Zure etxeko argindarra eguzki plaken bidez sortutako energiarekin lortzeko aukera bazenu, egingo zenuke?
Bai, uste dut denok hor sartuta gaudela. Oikian badago plakak jartzeko Eguteraren proiektu bat egiteko asmoa eta hor izena emana dugu, horretan ere sartuta gaude.

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura? 
Ohitura handirik ez. Ahal dudan guztietan garraio publikoa erabiltzen dut; lana dela eta ordutegiengatik ezin dut beti garraio publikoa erabili, baina bai saiatzen naiz. Horrez gain, gure kotxea gaur egun hibridoa da, ez da elektrikoa azpiegiturarik ez dugulako, eta hurrengoan ere, hibridotik ziurrenik hidrogenora pasatuko nintzateke kutsadura gutxiago sortzen duelako.