Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Neurri zorrotzagoak eta orokorragoak hartu beharko lirateke"

Julen Osa 2023ko mai. 1a, 00:00

Amaia Gorritiri elkarrizketa bat egin diogu energiari buruz. Hemen daukazue bere ikuspuntua.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2 kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke?

Dudarik gabe, neurri zorrotzagoak eta orokorragoak hartu beharko lirateke. Batetik, kontsumitzen dugun energia kopurua gutxitu behar dugu. Hau posible izateko, derrigorrezkoa litzateke kontsumoan oinarritutako sistema ekonomikoa aldatzea eta gizartearen neurri gabeko kontsumo ohiturak murriztea. Eta bestetik, energia sortzeko erabilitako moduak aldatu; ezagutzen ditugunak sustatuz (eolikoa, eguzki-plakak, uraren indarra…), eta sistema berriak asmatuz, hauek ez baitira nahikoak gure beharrak asetzeko.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea?Zer egin dezakegu?
Ez. Gaur egun dugun gizarte eredu honek eskatzen duen energia kopurua izugarria da eta hori ez dago gure eskuetan. Oso zaila ikusten dut bizi garen gizarte eredu honekin energia kopurua murriztea. Izan ere, erabakiak hartzen dituztenak dira hain zuzen ere eredua mantentzeko interes gehien dutenak eta gobernua, berriz,  haien zaintzaileak dira.

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin?
Ez. Gaur egun ezagutu eta erabiltzen ditugun energia berriztagarriekin ez da posible behar horiei erantzutea. Energia iturri  berriak bilatu beharko ditugu.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Mendian, uste dut, baloratu beharko litzatekeela, batetik,  zenbatekoa den sortuko duen energia kopurua, eta, bestetik, inguruneari eragiten diogun kaltea. Gure kostaldean, berriz, nik dakidanez ez da posible eolikoak jartzea. Kantauri itsasoak plataforma kontinentala estua du eta itsasoko parke eolikoak ez  dira bateragarriak Kantauriko plataforma kontinentaleko arrantzarekin eta aparteko aberastasun biologikoa duelako.

Kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna CO2 gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Ez. Kotxe elektrikoak, izenak dioen bezala, elektrizitateaz elikatzen dira eta gaur egun energia hau sortzeko erabiltzen ditugun iturri nagusiek CO2a isurtzen dute. Beraz, ez da egia kotxe elektrikoek CO2 gutxiago isurtzen dutela; zuzenean ez baina bai zeharka. Bestalde, kotxe hauek bateria izugarri handiak behar dituzte. Bateria hauek sortzeko material bereziak behar dira eta material horiek oso urriak eta kutsakorrak dira. Gainera, gaur egun, ez dakigu oraindik hauek nola birziklatu, honek sortzen duen arazo larriarekin. Gauzak horrela, kotxe elektrikoen salmenta eta produkzioa bultzatzea ez da irtenbidea, indarrean dagoen kontsumo ereduaren beste estrategia bat baino ez da.