Nolako herria: elkarrizketak 2023

"CO2-a murrizteko hainbat gauza egin daitezke, oso sinpleak direnak"

Eneko Parras 2023ko mai. 1a, 00:00

2050ean Zumaia nolakoa izango den jakiteko hainbat elkarrizketa egin ditugu. Hemen daukazue Aitziber Etxaberi energiari buruz egindakoa.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2 kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?
CO2a murrizteko hainbat gauza egin daitezke, oso sinpleak direnak.  Adibidez, kotxeen erabilera murriztu eta garraio publikoak erabili, tokietara bizikletarekin edo oinez joan, gailu elektronikoak ahalik eta gutxien erabili, garbigailua jartzerakoan tandak ondo aprobetxatu… Beste alde batetik, zero kilometroko produktuak gehiago kontsumitzeak eta zuhaitz gehiago landatzeak asko lagunduko luke. Hala ere, ekintza hauek jende askok egin beharko lituzke, bestela ez litzakete aldaketa sakonik ikusiko. Horregatik, jendea sentsibilizatzea ezinbestekoa dela iruditzen zait.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Lehen esan dudan moduan gizartea sentsibilizatu beharko litzatekeela uste dut. Aldaketa handiak egin ahal dira, baina hau aurrera eraman ahal izateko pertsona askok parte hartu beharko genuke. Nire iritziz, enpresek ere gai honetan paper garrantzitsu bat dutela nabarmentzen da. Urruti joan gabe, supermerkatura joaten garenean guztia plastikoz josia dago, eta material hori egiteko erabili behar den energia oso handia da. Beraz, uste dut gizarte guztia sentsibilizatuta eta kontzientziatua egonez gero, energia kopurua murriztea posible izango litzatekeela, baina tamalez hau lortzeko oraindik falta zaigula denok dakigu. 

Hala ere, plastikoaren adibidearekin jarraituz, nahiz eta enpresak aldaketa handirik ez egin, guk bezero bezala telazko poltsak erabiltzearekin zerbait lagundu dezakegu.

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin?
Momentu hauetan ez, gai horietan aurrerakuntza handiak egin behar direlako, energia iturri garbiak erabiltzeko.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Zumaian bertan ez zait iruditzen lekua egongo denik, eta itsasoan kalte asko ekar ditzake eta aztertu beharreko gauza bat da, ea onuragarria edo kaltegarria den.

Kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna CO2 gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Estrategia ona iruditzen zait, baina horretaz gain beste ekintza mota batzuk bultzatu behar dira, adibidez, garraio publikoa. Izan ere, denok kotxe elektrikoarekin ibiltzen bagara beste arazo bat sortzen da.