Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Nik uste dut energia kopurua murriztea posible dela, baina guztiok gure aldetik gehiago jarri beharko dugu"

ArgiƱe Alberdi Kortajarena 2023ko mai. 1a, 00:00

Oihana Kortajarenak 2050. urtean Zumaia nolakoa imajinatzen duen jakiteko, energiari buruz egin dizkiogun galdera batzuk erantzun ditu.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2 kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?
Nik uste dut horretarako aukera desberdinak daudela, baina aukera horietako bat eta gehiengoarentzat errazena izan daitekeena, ahalik eta gehienetan garraio publikoa erabiltzea izan daitekeela iruditzen zait. Hori edozein arrazoirengatik egin ezin badaiteke, kotxe partikularrak ere erabili behar direla iruditzen zait, baina ahal izanez gero, kotxea partekatu daitekeela uste dut.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Bai, nik uste dut energia kopurua murriztea posible dela, baina guztiok gure aldetik gehiago jarri beharko dugu, adibidez, etxeetan, lantokietan… argia behar ez denean itzalita edukiz. Kaleko argiak ere, sarritan pizten dira behar dena baina lehenago. Iruditzen zait, gauza horiek gehiago zaindu eta kontrolatu beharko genituzkeela, adibidez, argiak automatikoki konektatuta eduki eta tarteka ordua erregulatuz. 

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin?
Nik uste dut, gaur egun hori ez dela posible. Pixkanaka-pixkanaka aurreatzen ari gara, baina oraindik asko dago hobetzeko. Gero eta kontzientzia handiagoa dugu arazoaz, baina oraindik asko dago aurreratzeko.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Egia da eolikoak ikusten ditudanean beti pentsatzen dudala paisaiari egindako kaltean, bai itxurari dagokionez eta baita bertan bizi diren bizidunei dagokienean ere. Eolikoak jarri aurretik, segur aski bertan animalia asko biziko ziren, beraien ekosistema zelako eta horiek jartzean animalia horiek bere ekosistema aldatu beharko zuten; beraz, alde horretatik kalte handia egiten dutela iruditzen zait. Beste aldetik, beste irtenbiderik ez badago edo beste irtenbide hoberen bat asmatu bitartean, soluzio ona izan daitekeela iruditzen zait. Hala ere, inork ez du eolikorik nahi bere etxe ondoan.

Kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna CO2 gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Bai, nik esango nuke estrategia ona izan daitekeela, baina errepideetan arreta jarriz gero, kotxe elektriko gutxi ikusten dira eta horrek zerbait esan nahi duela uste dut. Oraindik zer hobetu asko edukiko dute, bai autonomiari eta bai prezioari dagokionez. Denborarekin, kotxe elektrikoak hobetzen joan ahala eta guztiontzat eskuragarriagoak diren neurrian, estrategia ona izan daitekeela iruditzen zait.