Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Energia kopurua murriztea posible da, baina ez dago inolako gogorik hori lortzeko"

Akox Gandarias Gaston 2023ko mai. 1a, 00:00

Asier Gandarias elkarrizketatu dugu 2050ean Zumaia nolakoa izango den jakiteko. Energiari buruz hitz egin dugu.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2 kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?
Alde batetik, gutxiago kontsumituz eta bestetik, kontsumitzeko beharra balego CO2 kantitate gutxien sortzen duten sistemak erabiliz. Gutxiago produzitzeko sistemak erabili beharko genituzke batetik, eta bestetik CO2 hartu eta eraldatzen duten sistemak, ahalik eta gutxien kontsumitzeko. 

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Energia kopurua murriztea posible da, baina ez dago inolako gogorik hori lortzeko. Gu hemen gauden bitartean eta horrela jarraitzen dugun bitartean hau gorantz doa, polita geratzen da eta orain denek esaten dute gutxiago kontsumitu behar dugula eta hori da hartu behar dugun bidea, baina hartzen ditugun erabaki guztiak eta mahai gainean ipintzen diren politika guztiak gehiago kontsumitzeko bidean doaz. Gaur egun parke eolikoak sortu behar direnean ere, ez dabiltza pentsatzen aurretik dagoena kentzeko baizik eta kontrakoa, aurretik dagoenaren gainean berreraikitzea pentsatzen dute. Horregatik beti gorazko bidean goaz.

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin? 
Posible baino gehiago, nik uste dut beharrezkoak direla. Arazoa  hor dago eta lehenago edo beranduago borrokatuko gara bat txapeldun geratu arte. Ez dauka fundamenturik, baina derrigorrezkoak bihurtuko dira edo denok bata bestearen aurka borrokatuko gara.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Horrelako galderak ez daukate fundamentu asko. Galdera honek zer esan nahi du, a edo b, arre edo iso, zuri edo beltz. Betiko kontua da, zer da jorratu nahi duguna energiaren kalitatea hobetzea eta CO2  kontuak hoberantz eramatea edo mendian eolikoak ipintzea? Hori Lemoizen bezala da. Herri guztiaren laguntzarekin atzera bota genuen zentral nuklearraren proiektua. Garai hartan ere planteamendua berdina zen, kobazuloetan bizi edo Lemoizko zentrala eraiki. Itsasoan edo mendietan eolikoak eraiki edo ez eraiki, ez dut uste horrela jorratu behar direnik gai hauek. Nire ustez, ikuspegi zabalagoarekin planteatu behar dira. Gauza garbien bila bagoaz infinitu aukera ditugu: eolikoak jartzea, eguzkiaren argi indarra erabiltzea, maremotriza… Hemen, gainera, itsasoa dugunez aukera berriak sortzen joango dira.

Kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna CO2 gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Nire iritziz tranpa bat da. Azkenean, kotxe elektrikoentzat elektrizitatea behar duzu eta elektrizitate hori, gaur egun behintzat, orain ditugun sistemekin sortu beharko genuke eta gaur egungo sistemek kutsadura sortzen dute; beraz, honekin lortzen duguna da kutsadura leku zehatz batzuetara bideratzea. Adibidez, gaur egun kotxea asko erabiltzen bada kotxe horrek kutsadura zabaltzen du herri edo hiri osoan zehar. Hori egia da, baina beste alde batetik kotxe elektrikoa izanda ez dugu kutsatzen?  Energia sortzen dugun tokian kutsatzen dugu. Horrez gain, kotxe elektrikoek beraien tranpa dute, ez dutela kutsatzen ematen du, baina kotxe elektriko hori egiteko, bere bateriak eta kotxeak dituen barruko motor motak eta dituen kable guztiak egiteko leku horietan material oso arriskutsuak eta txarrak daude. Orduan kotxe elektrikoarena, bai ala ez? Oraintxe bertan ezin diot galdera honi erantzun.