Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Ohitura aldaketa bat behar da klima aldaketaren arazoari aurre egiteko"

Libe Izarra 2023ko mai. 1a, 00:00

Nagore Aizpurua Uranga Zumaian jaiotako herritar bat da, eta 2050. urtean Zumaia nolakoa izango den jakiteko elkarrizketa bat egin diogu, batez ere energiaren gaian sakonduz.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den CO2 kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?Lehenik eta behin, gure ohitura aldaketa bat ematea komeni da. Adibidez, lanera joaterako orduan ahal bada garraio publikoa erabili, gure autoak gutxiago erabili, herrian mugitu behar badugu oinez ala bizikletaz joan… Mentalitate aldaketa batek, nire ustez, lagunduko luke hortan. 

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Gaur egungo gizarte ereduarekin nik uste dut ezetz, ez dela posible. Azkenean guztiok ditugu etxean bi kotxe, oporretara hegazkinez joaten gara eta jarraitu nahi dugu oporrak ditugun bakoitzean munduaren beste alderaino iristen. Horrek ekartzen duena da, bizitza erritmo horrekin gure planeta kutsatzen jarraitzea. Beraz, zerbait aldatu behar dugu. Gaur egungo ohiturekin oso zaila baita energia murriztea.

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin?
Lehen esan dudanarekin lotuta, aldaketa bat egitea garrantzitsua iruditzen zait, baina aldaketa hoiek nola egin jakinda egin behar dira. Orain ari dira saiatzen hori lortzen baina, aldaketa horrek pixkanakako prozesua edukiko du. Eta horrez aparte, gizartean bizimodu aldaketa bat sustatzea ere garrantzitsua iruditzen zait gutxiago kutsatu ahal izateko.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Ez dut sakonki pentsatzeko denborarik izan, baina iruditzen zait gure herriko mendietan eolikoak jartzeak pena handia emango lidakeela. Itsasoan agian bai, baina orokorrean ez nintzateke prest egongo. Horiek ipintzeak daramagun bizitza erritmoari ez liokeela erantzungo iruditzen zait, eta ez dakit zenbateraino ordezkatuko lukeen gure energia behar hori. Eta horrek guztiak gure planetarengan daukan inpaktua garrantzitsua dela uste dut. Beraz, beste konsumo mota batzuk sustatzea hobe dela esango nuke.

Kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna CO2 gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Bai, estrategia ona iruditzen zait, baina hori entzuten goaz hamar bat urte gutxienez eta ikusi dut politikoki ez dela gehiegi aldatu, hor interes ekonomiko batzuk daudelako pertsona batzuk aberasten jarraitzeko. Ez zaio hainbeste garrantzi ematen klima aldaketari, gehiago ematen diote horrek dakarren irabaziari. Boterean daudenek ez badute lantzen eta ez badiote garrantzi gehiago ematen, nahiz eta estrategia ona izan, oso zaila iruditzen zait lortzea.