Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Energia xahutzen dugu pentsatu gabe"

Hodei Amenabar Iturain 2023ko mai. 1a, 00:00

Zumaia 2050. urtean nolakoa izango den jakiteko hainbat elkarrizketa egin ditugu herritarren artean. Hauxe da Goiz Eder Ituraini energiari buruz egindakoa.

Europan daukagun energia kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu?
Ez, egia esan astakeria bat iruditzen zait. Uste dut askotan pentsatu gabe erabiltzen dugula energia eta xahutu egiten dugula.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu? 
Bai, uste dut murrizteko gai garela. Ur txorrota ixten ikasi dugun moduan, argiak, entxufeak edota berogailu elektrikoak ere behar dugunean erabiltzera ohitu beharko ginateke, bonbila egokiak erabili eta ohitura egokiak hartu. Gure herriko kaleetan ere argiztapenen inguruan neurriak hartzen ari dira, baita enpresa eta industrietan ere. Nik uste dut, batez ere guztiok kontzientzia hartu behar dugula eta denok gure aldetik ipini.

Herri bakoitzak bere energia sortu beharko luke, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea?
Ezin denean herrian energia lortu kanpotik ekartzea ez zait gaizki iruditzen, baina posible den neurrian norberak berea sortzea egokiena dela uste dut.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Bai, gure mendietan eolikoak jartzea egokia baldin bada, ipini beharko ditugu, baina beti ere kontutan hartu behar da hauek paisaian egiten duten inpaktua. Horretarako toki estratejikoak zein diren ondo pentsatu beharko dela uste dut.

Itsasotik energia sortzea ere oso ideia ona iruditzen zait; adibidez, Mutrikun, olatuen bidez energia sortzea lortu dute. Horrelako ideiak oso onak iruditzen zaizkit; izan ere, gure inguruko naturak ematen dizkigun aberastasunak aprobetxatzen ditu, eta guk ere gauza bera egin beharko genuke.

Baina ez zaizu iruditzen energia berriak lortu baino lehenago garraio publikoa erabiltzera ohitu beharko ginatekeela? Izan ere CO2 kopurua gutxitu egingo litzateke.
Bai, garraio publikoa erabiltzea behar-beharrezkoa da. Egia esan nik neuk ere erabili beharko nukeena baino gutxiago erabiltzen dut, baina pixkanaka-pixkanaka guztiok ohiturak aldatzen joan beharko ginateke niregandik hasita.