Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Eguzki plakak jartzea oraindik zaila da, gu bezala, blokeetan bizi garenontzat"

BeƱat Zubimendi Etxebeste 2023ko mai. 1a, 00:00

Zumaia 2050ean nola izango den jakiteko hainbat elkarrizketa egin ditugu herritarren artean. Hauxe da Iñaki Zubimendiri energiari buruz egindakoa.

Zientzialariek diote iturri fosiletatik (petrolioa, ikatza, gasa) lortzen dugun energiak CO2a isurtzen duela atmosferara eta horregatik ari dela gertatzen klima aldaketa. Zer iritzi daukazu horren inguruan?
Nik ez dut asko ulertzen gai honi buruz, baina nik ere hala uste dut, energia iturri horiek eta iturri fosil horien erabilerak klima kaltetzen dutela. 

Zure ustez zer egin beharko litzateke aurrena, kontsumitzen dugun energia kopurua murriztu edo energia iturri garbiak erabili?
Nire ustez biak batera egin beharko lirateke. Ez zait iruditzen bat-batean kontsumoa nahikoa murriztuko dugunik eta energia iturri garbiak martxan jarri arte zain gelditzen bagara, pixkat berandu izan daiteke. Beraz, ahal bada bietatik egin beharko litzateke.

Etxean energia kontsumoa murrizteko neurririk hartu al duzue? (Adibidez: berogailua gutxiago piztea, etxea hobeto isolatzea (leihoak aldatuta edo fatxada berrituta), argia gutxiago piztea, kotxea gutxiago erabiltzea...)
Etxean bai, batez ere orain egon den bat-bateko garestitze honekin kontzienteagoak gara, eta egia da, kontu gehiago izaten dugula, adibidez, berogailua jartzerakoan. Uraren kontsumoan beti izan dugu kontu pixka bat, baina egia da berogailuak eragin handia eduki duela. Garraioan, kotxea erabiltzen dugunean partekatzen saiatzen gara eta bakarrik bagaude, lanera edo beste edozein lekura joateko normalean garraiobide publikoak erabiltzen ditugu.

Zure etxeko argindarra eguzki plaken bidez sortutako energiarekin lortzeko aukera bazenu, egingo zenuke? 
Gu bloke batean bizi gara eta erabakia bizilagun denen artean hartzen da, geuk bakarrik ezin dugu erabaki. Hala ere jabekideen bileran planteatu zen eguzki plakak jartzea eta itxura denez oraindik zaila da gu bezala, blokeetan bizi garenontzat. Izan ere, energia etxeek baldintza batzuk betearazten dituzte eta ez dira errazak betetzeko. Norberak bere etxea badauka errazagoa da plaken bitartez energia aurreztea eta biltzea, baina horrelako blokeetan ez da hain erraza eta guk ez dugu oraindik horrelakorik jarri.

Zure kotxea elektrikoa al da? Ez bada, zergatik ez duzu aldatu? Baldin bada, zergatik aldatu duzu?
Gure kotxea ez da elektrikoa, lau urte ditu eta kotxea aldatzerakoan begiratu genuen kotxe elektrikoa erosteko aukera, baina iruditu zitzaigun oraindik ez zeudela garatuta gure beharretarako, eta azkenean, elektrikoa ez erostea erabaki genuen, baina buruan daukagun gauza bat da.