Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Geure mendietan naturgune guztiak ezin ditugu eolikoz bete"

Aratz Beristain 2023ko mai. 1a, 00:00

Naroa Idiakez Zumaiako herritarra da eta elkarrizketa honetan energiaren gaiari buruz duen iritzia irakurri ahal izango duzue.

Europan daukagun energia kontsumo maila mundu osora zabalduko balitz, hiru planeta beharko genituzke. Bidezkoa iruditzen al zaizu?
Ez, ez zait bidezkoa iruditzen. Gizabanako, entitate eta eragile guztiok konturatu eta hausnartu beharko genuke horretaz eta trantsizio energetikorako plan estrategiko bat zehaztu. Baina, plan hau ez lukete politikoek bakarrik diseinatu beharko, gizarte osoak egon beharko luke inplikatuta.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu? 
Gaur egun dugun gizarte ereduarekin zaila iruditzen zait energia kopurua murriztea. Energia kopurua murrizteko trantsizio energetikoaz gain, trantsizio ekonomikoa ere eman beharko litzateke. Hau da, gure gizartea kontsumismoan oinarrituta dagoela esango nuke eta kontsumo ohitura horiek aldatzea derrigorra da energia kontsumoa murriztu ahal izateko. Adibidez, kontsumitzen ditugun elikagai asko eta asko ez dira gure herrialdean ekoizten, garraiobide desberdinen bidez inportatzen ditugu eta horrek izugarrizko energia kontsumoa suposatzen du. Bertako elikagaiak kontsumituz garraio energia asko aurreztuko genuke.

Herri bakoitzak bere energia sortu beharko luke, edo onargarria da behar den energia kanpotik ekartzea?
Trantsizio energetikoaren helburuetako batek hori izan beharko luke, herri bakoitzak bere energia sustatzeko autosufizientzia izatea, baina gaur egungo gure ehun industriala ikusita ez dirudi hori lortzea erreza izango denik. Norbanakoen kasuan, kontsumo pertsonalerako autosufizientzia hori lortzea errezagoa dirudi, baina gizarte eta ekonomia osoa kontutan izanda, gaur egun, zaila iruditzen zait. Baina trantsizio plana zehazterako orduan kanpotik ekarri beharreko energia ahalik eta txikiena izatea lortu beharko genuke.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Eolikoen kasuan planifikatzea oso garrantzitzua iruditzen zait, marra gorriak ondo zehazteko. Geure mendietan naturgune guztiak ezin ditugu eolikoz bete. Irizpide batzuk finkatu beharra dago marra gorriak zehazteko orduan: naturguneak babestu, hegaztien intereseko eremuak zaindu, nekazaritza eta basogintzako nekazal lurrak zaindu…Gainera, eoliko horietatik lortutako energia geuk gestionatu beharko genuke, geure herrietan kontsumitu ahal izateko.

Norberaren kotxea erabili ordez garraio publikoa erabilita, CO2 gutxiago isurtzen dugu. Zuk ba al duzu garraio publikoa erabiltzeko ohitura?
Lana Zumaiatik kanpo egiten dut eta egunero kotxez joaten naiz lanera. Autobusak ere baditut eta lantokitik hamar minutura uzten nauten arren itzulerako autobusen ordutegiak eta neurea ez datoz bat. Hori dela eta, autoz joaten naiz lanera. Iruditzen zait garraio publikoaren maiztasunak handitu egin beharko lituzketela. Aisialdian Zarautzera, Donostiara… joan behar dudanean, hor bai, hor badut garraio publikoa erabiltzeko joera.