Nolako herria: elkarrizketak 2023

"Gaur egungo energia berriztagarriek ez dute energia konstantea ematen"

Aiert Leonet Eizagirre 2023ko mai. 1a, 00:00

Eneko Leonet elkarrizketatu dugu energiari buruz zalantzan dauden gai batzuk argitu eta nolako etorkizuna ikusten duen argitzeko.

Klima aldaketaren arazoari aurre egiteko atmosferara isurtzen den karbono dioxido kopurua nabarmen murriztu behar da. Nola egin daiteke hori?
Horretarako baliabide asko daude, baina gehienbat kontsumoa jaitsi beharko litzateke; izan ere, gauza asko berritzen ditugu hori egiteko beharrik izan gabe. Hartu beharreko neurri bat kontsumoa jaistea da, behar diren neurri guztiak hartuz eta bestalde, energia sortzeko, ahal den guztietan, energia berriztagarriak erabiltzea, ahalik eta karbono dioxido gutxien isurtzeko atmosferara. Hori bai, neurri horiek mundu guztira aplikatu beharko lirateke, ez du balio, esate baterako, Europak aplikatzea eta Estatu Batuak eta Txinak ez aplikatzea. Egia da hirugarren mundua kasu berezia dela, eta hauen garapena gehiago utzi beharko litzatekeela iruditzen zait niri. Baina batez ere karbono dioxido gehien sortzen dugunok, hau da, Europak, Estatu Batuak, Txinak eta Indiak, denok batera neurri antzekoak hartu beharko genituzkeela iruditzen zait.

Uste duzu gure gizarte ereduan posible dela energia kopurua murriztea? Zer egin dezakegu?
Gaur egun bizi garen bezala oso zaila da; izan ere, gizakiok egoista samarrak gara, orokorrean, eta beraz, norberak berea soilik begiratzen du, estatuek ere berea soilik begiratzen duten bezala. Hori dela eta, zaila da akordio batera iristea eta denok bide berdinetik joatea, pertsona zein estatu bezala. Bide egokia arau orokor batzuk jartzea izango litzateke, arau lotesleak, ez gomendioak, badakigu eta gomendioak batzuek bete arren, beste batzuek ez dituztela beteko. Azkenik, arau lotesle horiek mundu osoan aplikatu beharko lirateke.

Zure iritziz posible da gure energia beharrak asetzea soilik energia iturri garbiekin?
Gaur egun bizi garen bezala ez, baina badago erdibide bat. Gure energia beharrak soilik energia berriztagarriekin asetzea oso polita da, baina gaur egungo energia berriztagarriek ez dute energia konstantea ematen, hau da, ematen duten energia oso aldakorra da. Esaterako, haize errota batek ematen duen energia kopurua haize kantitatearen araberakoa da, eta haizerik ez dagoen egunetan ez du energiarik sortzen. Presa batek ematen duen energia kopurua ibaiak dakarren ur kantitatearen araberakoa da, eta azkenaldian euri gutxi egin badu, ezin ditugu presak ireki guk ura edan behar dugulako, bertatik energia gutxi lortuko baikenuke. Eguzki-plakek ematen duten energia ere, eguzkiaren araberakoa da, lainorik ez dagoen egunetan asko ateratzen da, baina egun lainotuetan askoz ere gutxiago ateratzen da eguzkia. Beraz, hori dena beste hainbat gauzen mende dago eta oraindik ez da sortu metodorik, nik dakidanez behintzat, momentu puntual batean sortzen dituzten soberakinak beste une batean erabiltzeko. Orduan, beste energia iturriak beharrezkoak dira, hau da, nahi dugun momentuan erabil ditzakegunak: zentral termikoak eta nuklearrak, besteak beste, gaur egun ditugun energia iturri garbiekin ez baitugu nahikoa.

Gure herriko mendietan eolikoak jartzeko prest zeundeke? Eta itsasoan?
Mendietan haize-errota bat jartzeak inpaktu handia du, bai eta horiek jartzeko bideak ere, eta hegaztientzat ere inpaktua da. Baina beste alde batetik, energia sortzeko dauden ia bide guztiek eragozpenen bat dute. Ibaietan dauden presek, esaterako, faunari eragin eta aldatu egiten dute, zentral termikoek ikatzaren bidez lan egiten dutelako karbono dioxidoa sortzen dute, zentral nuklearrak oso arriskutsuak dira eta sortzen dituzten hondakinak urte askoren buruan erradiaktiboak bihurtzen dira eta biltegiratzerako orduan hondakinak dira. Beraz, gure mendietan haize-errotak jartzea baloratu beharra dago; izan ere, zerbait lortzeko, beti ere, zerbait galdu beharra dago. Beraz, zer nahiago dugu? Zentral termiko bat, zentral nuklear bat, gure mendietan haize-errotak egotea… Egia da, inoren mende egon nahi ez badugu, argindarra Frantziari edota beste edozein estaturi erosi nahi ez badiogu, eta autonomia nahi baldin badugu zerbait egin beharra dugula, edo zentral termiko edo nuklearrak edo mendietan haize-errotak jarri. Ni alde nago, uste baitut inpaktu gutxiena horrek izango lukeela.

Kotxe elektrikoa bultzatzen ari da Europako Batasuna karbono dioxido gutxiago isurtzeko atmosferara. Estrategia ona iruditzen al zaizu?
Ez, ez zait estrategia ona iruditzen, elektrizitatea bultzatu behar dela esaten ari gara dieselak asko kutsatzen duelako. Egia da, elektrizitateak ez duela kutsatzen, baina kontua da elektrizitate hori nondik datorren. Diesela ez bagara erabiltzen ari, baina kotxe elektrikoetan erabiltzen dugun elektrizitatea zentral termiko edo nuklearretatik baldin badator berdinean gaude. Gauzak asko aldatzen dira, baina, nire ustez, kotxe elektriko bat sortzeko urte asko pasako liratekeenez hidrogenoaren aldetik jo beharko lukete. 

Hidrogenoarekin kotxe horren hondakina ura izango litzateke, eta beraz, ez luke kutsatuko. Beraz, nire ustez, hortik jo beharko genuke. Esan dizudan bezala, kotxe elektrikoena ez zait estrategia ona iruditzen, elektrizitatea sortzeko iturriek beren hondakinak ere sortzen dituztelako.