GRI Castingseko langileek manifestaziora deitu dute apirilaren 14rako Zumaian

Nerea Uranga 2023ko api. 6a, 15:51
GRI Castingseko langileen konzentrazioa, atzo Zumaian Itzulia handik igarotzen ari zen bitartean.

GRI Castingseko Enpresa Batzordea lantegia ez ixteko eta 61 langile kaleratzea saihesteko mobilizatzen ari da. Beren enpresaren auzian esku hartzeko eskatzeko Jaurlaritzako Industria sailburuordetzarekin eta Zestoako Udalarekin bildu berri da.

Arroako Sansinenea industrialdean dagoen GRI Castingseko langileek enpresa ez ixteko eta lanpostuei heltzeko borrokan jarraitzen dute. Atzo, esaterako, Euskal Herriaren Itzuliaren etapa lantegitik gertu igarotzen zela aprobetxatuz, eguerdian Zumaiako sarrerako biribilgunean kontzentrazioa egin zuten. Enplegua erregulatzeko espedientearen hurrengo negoziazio bilera apirilaren 13an dutela azaldu dute: "Enpresa Hitzarmenean adierazi da plantaren jarraikortasunaren eta arriskuan dauden lanpostuen aldeko apustua egiten jarraituko dela". Apirilaren 14rako, berriz, manifestaziora deitu dute enpresako langileek Zumaian, 19:30ean, Beheko Plazatik hasita.

Esku hartzeko eskatuz

GRI Castingseko Enpresa Batzordea Eusko Jaurlaritzako Industria Sailburuordetzarekin bildu zen atzo, "enpresak bizi duen egoera salatzeko eta gai horretan esku har dezala eskatzeko, enpresa ixtea eta 61 pertsona kaleratzea saihesteko". ELA sindikatuak adierazi duenez, Industria Sailburuordetzari neurriak har ditzala eskatu diote GRI Castingseko  langileen ordezkariek: "Horrelako egoerak saihesteko, eta erantzukizuna bere gain hartzeko eskatu zaio, enpresan industria politika eta lanpostuak bermatzeko".

Jaurlaritzako ordezkariekin biltzeaz gainera, Zestoako Udalarekin ere bildu ziren atzo GRI Castingseko langileak: "Udalari ere Jaurlaritzari azaldutako mezu bera helarazi diogu, gogoraraziz GRI Castings Zestoan dagoela".