Hamaika argi gure euskarari

Apaiz eta moja euskaldunak komeni

Imanol Azkue Ibarbia 2023ko ots. 1a, 09:00
Ilustrazioak: Daniel Carballo Ostolaza

Ikusi genituen apaizak publikatak euskaraz jakinarazten pulpitutik, eta gaur ere eliz kontuak izango ditugu mintzagai. Elizatik datozkigun bi hariri helduko diegu azaltzeko Zumaia zenbateraino zen euskalduna XIX. mendean.

Eduki hau urtarrileko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Apaiz euskalduna nahi

1817an, Zumaiako apaizetako bat, Jose Antonio Aldabalde Treku, zigortu eta Iruñeko seminariora joanarazi zuten denboraldi baterako. Hiru hilabete zeramatzan han, eta Zumaian, apaiz bat gutxiagorekin, larri zebiltzan, ezinean; zumaiarren interesak babestu nahian, Zumaiako alkateak gutuna idatzi zion Iruñeko bikario orokorrari. Baina gutuna (edo zirriborroa) ez zen iritsi Iruñera, artxiboan bertan geratu zen; Iruñeko artxiboan begiratuta, ez genuen aurkitu gutunik.

Gutunean, hasteko, alkateak adierazi zion bikario orokorrari zenbateko zailtasunak zeuzkaten; izan ere, beste apaiz bat bazegoen, baina edadetua (68 urtekoa), eta ezin iritsirik zebilen hura: 

"Componiéndose el cavildo eclesiástico de esta villa de un Cura Párroco y de otro beneficiado con cargo de teniente cura, resulta que en ausencia de este ha quedado para atender el alimento espiritual de toda la feligresía solo el primero; mas sucede que su avanzada edad de más de 68 años y achaques habituales no le permiten hacer quanto su celo pastoral le inspira en beneficio de sus ovejas". 

Herrian egon bazegoen beste apaiz bat Mojaxarren Komentuan, baina hark ez zion balio alkateari: "y aunque pudiere también auxiliarle el Vicario de Monjas de esta villa, no puede ver tampoco cumplidos sus buenos deseos, por no poseer el idioma vascongado, que comúnmente se habla en todo mi vecindario" Beraz, alferrik zen apaiz erdalduna Zumaian, herritarrek euskaraz baino ez zekitelako. 

Gutunean, alkateak konponbidea ere proposatu zion bikarioari: "(…) y desde luego he decretado proveer la Iglesia de otro ministro que haga las veces de Beneficiado y teniente cura; y al efecto he pedido al Padre Prior del Convento de Carmelitas Descalzas de Lazcano, me envíe un religioso bascongado, a que ha condescendido". Alegia, alkateak apaiz euskalduna eskatu zien Lazkaoko karmelitei, eta haiek baietz erantzun. Ez dakigu, ordea, azkenean iritsi zen erlijioso euskaldun hura Lazkaotik; seguru dakiguna da Jose Antonio Aldabalde Treku, Iruñean zigortuta zegoena, atzera Zumaian zela, bueltan, 1820an.

Moja euskaldunak komeni

Bigarren hariari helduko diogu, eta hasteko, Maria Francisca (edo Patxita) Etxezarreta Power andrea aurkeztuko dizuegu. Zumaiako handixkietako bat zen, emakumea izanagatik; izan ere, Bizente Etxezarretaren alaba zen, gizon boteretsua gurean, alkatea izana eta basadietan betelanak egitea bultzatu zuena, XVIII. mendearen amaieran. Patxitak eskola bat egin nahi zuen Zumaian, neskak hezteko, eta bere asmoen berri eman zion Bilboko San Antonio Abad elizako parrokoari, Mariano J. Ibarguengoitiari; hark aholkatu zion harremanetan jartzeko Karitateko Moja Karmeldarren ordenako mojekin, eta parrokoak berak idatzi zion gutuna Paula Delpuig De San Luisi, ordenako amari; bertan, konbentzitu nahian, azaldu zion herri txikia zela Zumaia, eta eskola jartzeko zer baldintza zeuden ere bai: etxe batean ezarriko zela, 30.000 erreal izango zituztela etxea egokitzeko eta bidaiatzeko, urteko 5.000 erreal jasoko zituztela, inoren menpe ez zirela egongo (zuzenean obispoak aginduko baitzien)…

1871n, Mariano J. Ibarguengoitia parrokoak berriz ere gutuna idatzi zion Paula Delpuig De San Luis amari, azaltzeko nola zeuden kontuak; besteak beste, adierazi zion Patxita Etxezarretak ilobaren etxea erosi zuela, eta berritzeko lan batzuk egin behar zituenez, mojak ezingo zirela etorri nahi bezain azkar, baina etxe berriari esker, leku gehiago izango zutela etorkizunean, eta aholku edo eskaera garrantzitsu bat ere egin zion:

"Esto retrasará algún tanto la planteación de lo proyectado; pero en cambio tendrán Vds. una casa completa, independiente, y con campo abundante para entretener á las jóvenes los días festivos, y además que exigirá muy pocas obras, que casi pueden hacerse á presencia de las Hermanas. Lo que convendrá es, que estas sepan vascuence, no solo porque no podrían entenderse con la gente del pueblo, sino porque mi deseo y el de la religión es que se conserve la lengua del país, y con ella las buenas costumbres, que corrompen los castellanos". 

Mariano J. Ibarguengoitiaren biografia zabalean azaltzen denez, Patxita Etxezarreta eskolan bertan bizi izan zen eta beti zegoen prest gero eta jarduera gehiago antolatzeko herriaren alde eta mojen mesedetan. Horrela, 1872an, otoizlekua bedeinkatu zuten, eta 1875ean eskolaurrekoa inauguratu zuten “con satisfacción de don Mariano, la Fundadora y contento del pueblo, siendo ya 50 niñas bajo la dirección de una Hermana que enseñaba en vasco”.

Bukatzeko, bitxikeria bat: Ibarguengoitia giltzarri izan zen, gainera, Txomin Agirre Zumaiara eta mojetara kapilau etortzeko. Txomin Agirre Ondarroan jaio zen 1864an, familia umil batean, eta txikitatik erakutsi zuen apaiz izateko bokazioa, baina ikasketak egiteko familiak nahikoa baliabide ekonomiko ez zuen, eta berebiziko aukera sortu zitzaion: Ibarguengoitia (orduan Bilboko artziprestea) Ondarroara joan zenean, berarekin Bilbora eraman zuen morroi eta meza mutil, eta gero seminarioko matrikula eta gastuak ere ordaindu zizkion. Apaiz egin ondoren, Txomin Agirre Karrantzan ezarri zen hasieran, baina handik gutxira etorri zen Zumaiara, eta gurean idatzi zituen bere literatur lanik gehienak.