Babesguneetako habitatak: lurraldeko tapiz preziatuenak (III)

Gonzalo Torre / Geoparkeko ingurumen koordinatzailea 2023ko mar. 25a, 13:00
Aittolako punta.

Urtea bukatu berri denean, Geoparkeko babesguneetako habitatei eskainitako artikulu sortari ere amaiera emateko unea da. Maiatzean, Deba-Zumaia arteko Biotopokoak ezagutu genituen, eta urrian, Urolaren estuario inguruan daudenak; orain, berriz, itsasertzetik aldendu eta mendiko habitatak dira xede: Arno eta Izarraitz Kontserbazio Bereziko Eremuetakoak, hain zuzen.

Eduki hau urtarrileko Baleike aldizkarian argitaratu zen.

Urolako itsasadarra eta beste hainbat tokirekin batera, Arno eta Izarraitz ere Natura 2000 Sareko naturaguneak dira. Aurten, izendapen horren 10. urtebetetzea izango da eta guneon balio naturalak ez dira, beharbada, merezi duten bezain ezagunak. Hala ere, Geoparkearen azaleko puzzlearen parte dira eta, kostaldekoekin batera, isurialde atlantikoko ekosistema garrantzitsuen katalogoaren erakusgai. Bi guneetan, habitat multzoa aberatsa da, baina nabarmenei baino ez diegu erreparatuko.

Izarraitz KBE

Lerro zuzenean itsasotik 7 kilometro eskasera, Izarraitz mendiguneak garaiera handia du eta Geoparkeko gailurra bertan da (Sesiarte, 758 m). Horrekin batera, kareharrizko lur eremua da, harritsua eta, batzuetan, malkartsua. Bi faktore horiek dira — giza erabilerak lagun— babesgune honen izaera baldintzatu dutenak, baita haren kontserbazio egoera ere, zalantzarik gabe.

Malda harritsu eta pikoak, lekuaren ezaugarri.

Azalerari dagokionez, Izarraizko KBEk 1.600 hektarea inguru ditu eta, Azkoitia, Azpeitia eta Debako udalerrietan banatuta dago, gutxi gorabehera zati berdinetan. Zestoa ere ukitzen du, oso zati txikian (% 0,3). Punturik baxuena 80 m-ra du, Sastarrain inguruan, eta gailurrik altuena Erlo da, 1.030 m-ko altueran.

Landarediaren multzoaren artean aipagarriak dira pagadiak, kareharrizko amilburuen oineko basoak, txilardiak eta larre karetsuak. Haiekin batera, hariztiak, artadiak eta bestelako larreak ere nabarmenak dira.

Gure inguruko altitude batetik —500-600 m inguru— gora ohi bezala, Izarraitzen ondoen ordezkatutako basoa pagadia da. Dena den, karbonato kopurua handia tarteko, bere lurzoruek pH neutro edo pixka bat azidoa dute, eta pagadia zertxobait ezberdina da. Hala, pH azidodun lurzoruetako pagadietan bezala, basoan nagusitzen den zuhaitza pagoa da, baina harekin batera bizi den landare kohortea berezia da: gibel belarra, hartz baratxuria, albitz belarra,... Batzuk, ziabelar usainduna edo suge belar pikarta, esaterako, arraroak dira eta oso toki gutxitan azaltzen dira.

Pagoa.

Pagadiez gain, kareharrizko gailur eta hegal oso harritsuetan, lurzorua oso urria den lekuetan, amilburu karetsuko baso mistoa agertzen da. Baso saretua da, baso mistoaren edo pagadi neutroaren aldaera bat dena. Basootan ugari dira, besteak beste, hurritzak, astigar arruntak, lizarrak, hesilaharrak, eta, noizbehinka hagin bat edo beste ere agertu ohi da.

Izarraizko deskribapena bukatzeko, esan behar da ondoen ordezkatutako gainerako intereseko habitatak sastrakak eta larreak direla. Alde batetik, sakonera txikiko lurzoru harritsuetan agertzen diren txilardiak —otabera da espezie nagusia—nabarmendu behar dira, eta, bestetik, larre kaltzikola harritarrak daude. Sarritan horien arteko mugak lausoak dira eta habitat bakoitzaren berezko balioa baino gehiago, osatzen duten mosaikoak du garrantzi ekologiko handiena.

Ferrasaguzar handia (Musa geçit CC BY-SA 4.0)

Bestalde, faunari buruzko informazioa eskasa da, baina tokian interes komunitarioko espezieak daude, hala nola, Elona quimperiana barraskiloa, belatz zuria edo aztore arrunta. Gainera, mendizerrako koba eta leize kopuru handia dela medio, bertako saguzarrak ere kontserbatzeko helburu dira. Horietako batzuk, ferra saguzar handia, Geoffroy saguzarra edo ferra saguzar txikia, kasu, Habitat izeneko direktibako bigarren eranskinean sailkatuta daude. Eranskinotan, haien kontserbazioa bermatzeko eremu bereziak izendatzea ezinbestekoa duten bizidunak daude.

Arno KBE

Arnoko kontserbazio eremua laburbiltzen duen irudi bat bada, irudi hori artadia da. Izan ere, artadiak babesgunearen % 50 hartzen du eta ez dago azalera osoaren % 5 gainditzen duen beste habitatik. Tokia babesteko arrazoi nagusia hori izan da.

Arnoko mendizerra, Arbil menditik

Babesguneak 1.122 hektarea ditu eta haietatik hiru laurden Geoparkean daude, Mutrikun, hain zuzen; gainerakoa Mendaro da. Kasu honetan ere mendizerra kostaldetik hurbil dago, baina bere kota altuenak, Kanpanzar mendiak, 629 m baino ez ditu. Mendigunea malkartsua da eta ekialdeko zein hegoaldeko isurialdeak bereziki aldapatsuak dira, baina iparraldeko sektorean erliebeak leuntzera jotzen du eta han Olatz auzoko bailara zabaltzen da. Arnon urak zizelkatutako paisaia karstikoa da nagusi —kobazuloak, lapiazak, pinakuluak eta dolinak nonahi—, eta lurzoruek sakonera txikia dute.

Esan bezala, artadi kantauriarra da Arno mendikateko habitat nabarmenena, eta zuhaitz horren baso orbanik handienak 400 hektareatik gora du; nahiko handia bere baitan prozesu ekologiko konplexuak hartzeko. Artadi kantauriarrak altitude baxuko leku lehorretako basoak dira eta lurzoru eskaseko egutera begira dauden tokietan hazten dira. Hemengo artea Quercus ilex ilex subespeziekoa da eta harekin batera, basoan ohikoak dira erramuak, gurbitzak, karraskilak edo gartxu hostozabalak.

Olatz inguruko landazabalak.

Bestalde, naturagune honetan nabarmendu beharreko beste habitaten bat baldin badago, hori larre atlantikoa da. Egia esan, habitat bakarra baino gehiago tamaina txikiko eta elkarrekin lotuta dauden habitat multzo bat da. Nahaste-borraste honetan txilardiak, sastrakadiak, albitz eta sega belardiak, baso txikiak eta baratzak daude, eta haien arteko mugak —ekologian ekotono izenarekin ezagunak direnak— lausoak eta, biodibertsitatearen ikuspuntutik, oso aberatsak dira. Guztira, habitat saldo honek 136 hektareako hedadura du.

Kontserbazio egoera

Tamalez, ezin da esan arestian deskribatutako habitaten kontserbazio egoera ona denik. Izan ere, gaur egun sei habitat horietatik bost kondizio desegokian daude.

Habitaten egoera

Pagadien kasuan, kontserbazioaren aurkako faktorerik okerrena haien hedadura txikia da. Izan ere, baso horiek har lezaketen azaleraren % 55 baino gehiago aldatuta dago, eta bere ordez baso landaketak edo larreak daude. Gainera, babesguneko pagadien inguruko informazio zientifikoa urria da, eta ezezagunak dira pagoaren ondoko floraren beste espeziak zein diren edo basoaren funtzionalitatea nola dagoen.

Etorkizunera begira, zur aprobetxamenduak ia desagertu direla eta, pagadiak zabaltzeko aukerak ez dira txarrak. Alabaina, badago ziurgabetasun handia sortzen duen alderdi bat: beroketa globala, hain zuzen. Haren ondorioz, espezieak maite dituen hezetasuna eta tenperatura baxuak izan ditzan, baldintza klimatiko egokien bila altitude handiagoetara lekualdatu beharko da, eta Geoparkean, adibidez, altitude horrek 750 metrotan dauka muga.

Baso mistoei eta larreei dagokienez, giza erabilerak eta ganaduaren presioa dira, besteak beste, erdipurdiko egoeraren erantzule nagusiak.

Artadien egoerari buruz ez gara luzatuko, 2018ko azaroko Baleiken artikulu oso bat eskaini baikenion. Gogoan izan behar da genetikoki zahartutako basoak direla, ezkurrez nekez ugaltzen direnak. Hala ere, etorkizun ez hain urrunean aurreikusten den klima lehor eta beroak mesede egingo dio baso mota honi.

Landazabal atlantikoen geroa ere ez da hobea, homogeneizatzen ari dela ikusi baita: belardiak sinplifikatzen ari dira eta heskaiak, zuhaiztiak eta habitataren osagai diren beste egitura batzuk galduz doaz. Gainera,  hurrengo urteetan ez da aurreikusten galera hori irauliko duen joerarik.

Hortaz, helburua habitat naturalak kontserbazio egoera egokira bideratzea baldin bada, ezinbestekoa da beren banaketa naturaleko eremuak zabal daitezen lan egitea. Halaber, lan berbera egin behar da beharrezkoak diren egitura eta funtzio espezifikoak epe luzean manten daitezen eta habitat horien espezie tipikoen kontserbazio egoera ona izan dadin.

Erlazionatuak

Babesgunetako habitatak: lurraldeko tapiz preziatuenak (I)

Gonzalo Torre, Geoparkeko Ingurumen arduraduna 2022 uzt 10 Zumaia

Babesguneetako habitatak: lurraldeko tapiz preziatuenak (II)

Gonzalo Torre, Geoparkeko Ingurumen arduraduna 2023 urt 08 Zumaia